ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/17 13:24

Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxeak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak deituta, protesta bat egin dute gaur goizean Durangoko (Bizkaia) epaitegi aurrean, aldarri argi batekin: Absoluzioa orain. Gaztetxeak aurrera. Izan ere, gaur epaitu dituzte bi zornotzar bertan, Matrailu Gaztetxearen birjabetzearen harira. Ebazpenaren zain geratu dira momentuz.

Prozesu judizialean auzipetutako bi lagunak absolbitzen ez badituzte, indarrean sartuko da Zornotzako Gaztetxearen aurkako desalojo-prozesua. Gazteen esanetan, Matrailuren kontrako "desalojo arin bat" eskatu du jabeak, hamar laneguneko epean gauzatuko litzatekeena, epaileak onartuz gero. Momentuz, bost laneguneko epea dauka epaileak eskaera ontzat emateko edo atzera botatzeko.

Udala eta jabedunak, eskutik

Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, eraikinaren jabe legalak ez du akordio batera heltzeko inolako borondaterik erakutsi, eta adierazi du Gaztetxea hustea dela bere lehentasun nagusia. Gazteen arabera, Matrailuren kontrako prozesuan, jabe legalaren eskutik doaz ezinbesteko zenbait kolaboratzaile: udaltzainen burua eta Zornotzako Udala, eta Gaztetxe ondoan dagoen fabrika baten jabea.

Matrailuk berriz seinalatu ditu, arrisku-egoeraren erantzule modura, eraikinaren jabe legala eta Zornotzako udal gobernua (EAJ); "bere eskura dituen aparatu guztiekin", tartean, udaltzaingoa. Aurretik ere salatu izan dute: "hamabost urte baino gehiagoz hutsik eduki duen lur horrekin espekulatzeko aukera bilatzen du" eraikinaren jabeak, eta "beti jabedunen alde lerratzen da" udala.

Gaztetxea, gazteak independentzia politikoz antola daitezen

Gaztetxeko kideek berriz azpimarratu dute Matrailuren eta egiten ari diren borrokaren legitimitatea. Gaztetxeak "herriari egiten dion ekarpena" aldarrikatu dute, azaltzeaz gain "gazteok independentzia politikoz jarduteko espazio bat" dela eta horrek duela "benetan potentzialitate askatzailea". Jasaten ari diren errepresioak hori erakusten duelakoan daude.

Hala, esan dute ez dagoela "borrokarik gabeko garaipenik", eta Langile Kontrolpeko Espazioen defentsa eta erresistentzia antolatzera deitu dute: "Orain da momentua indarrak batzeko eta, gure herrian bezala, beste hainbat lekutan izaten ari den erasoaldiaren aurrean, gure espazioak defendatzeko". Horri lotuta, hurrengo deialdiei adi egoteko eskatu dute.

NO HAY COMENTARIOS