Nafarroako Probintzia Auzitegira jo dute La Manada auziko bortxatzaileetako bik, Jose Angel Prendak eta Jesus Escuderok, zigorra jaitsi diezaietela eskatzeko. Soilik baietz da baietz legea oinarritzat hartuta egin dute eskaera, eta helegiteak aurkezteko epea amaitzean emango du ebazpena auzitegiak. Urtebete murriztu diezaiekete zigorra. Auzitegi Gorenak hamabost urteko kartzela-zigorra jarri zien, 2016an, neska bat taldean bortxatzeagatik. Iruñean (Nafarroa) izan zen erasoa, San Fermin jaietan.
2024ko uztailean ere eskatu zuen zigorraren murrizketa bat eraso horretan parte hartu zuen beste bortxatzaileetako batek, Angel Bozak, Soilik baietz da baietz legeari helduta orduan ere. Eskaera ontzat ematea erabaki zuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak. Izan ere, epailearen hitzetan, erasotzaileei hamabost urteko zigorra ezarri zieten, garai hartan zehaztuta zegoen zigor minimotik "gertu" zegoelako. 10/2022 legearekin, baina, urtebete jaitsi dute delitu horrengatik ezar daitekeen gutxieneko zigorra, eta, beraz, Nafarroako epaileak erabaki zuen zilegi zela eskaera egin zuen bortxatzaileari ere zigorra beheratzea. Ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen jarrera hori.
Soilik baietz da baietz legea indarrean sartu zenetik, 1.400 bat zigor-murrizketa izan dira erasotzaile matxistentzat. La Manada auziko beste bi bortxatzaileek (bost dira denera), Antonio Guerrerok eta Alfonso Cabezuelok, ez dute oraingoz zigorra jaisteko eskaerarik egin.