ACTUALIDAD / Política institucional
Sanchezek ekainaren 24an hitz egingo du PSOEren azken ustelkeria kasuen inguruan
Zapatero presidente ohiak, printzipioz, hilaren 17an eta 18an deklaratuko du epailearen aurrean, eta Begoña Gomez 15erako dago deituta.
2026eko ekainaren 12 - 07:03
Sanchezek ekainaren 24an hitz egingo du PSOEren azken ustelkeria kasuen inguruan
— ARGAZKIA La Moncloa

Maiatzaren 19an jakin zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile batek Jose Luis Rodriguez Zapatero inputatu duela, ustelkeriagatik; Plus Ultra auziari lotuta dago ikerketapean presidente ohia. Handik astebete eskasera, PSOEren egoitza nagusira sartu zen Guardia Zibileko UCO unitatea, Leire Diezi egindako ordainketei buruzko informazioa eskuratzeko, antza. Bada, Pedro Sanchez presidenteak ia hilabete beranduago hitz egingo du bere alderdia jopuntuan ipintzen duten azken ustelkeria kasuen inguruan: ekainaren 24an emango ditu azalpenak Diputatuen Kongresuan.

UCO Ferrazko egoitzan sartu ostean eskatu zuen Sanchezek agerraldi bat egitea, eta jarraian, eskaera horixe bera egin zuten ERC, Podemos, BNG eta Compromis alderdiek. PSOEren gobernu-kide den EH Bilduk ez zuen halako eskaerarik egin, eta Sanchezi leial mantentzen da; EAJk hauteskundeak aurreratu daitezela eskatu dio presidenteari, baina, egiaz, jeltzaleak ere seinalatu dituzte ustelkeriari buruzko informazioetan. Hain zuzen ere, ikertzen ari dira ea EAJk bitartekari-lanak egin zituen, Tubos Reunidos enpresak PSOEko kideen dirulaguntza bat modu ustelean jaso zezan.

Hitzordu judizialei dagokienez, printzipioz, Begoña Gomez ekainaren 15erako dago deituta: aurretiazko entzute bat egiteko deitu du Juan Carlos Peinado epaileak, eta ikusteke dago ea zein erabaki hartuko duen horren ostean. Zapaterok, berriz, ekainaren 17an eta 18an hitz egingo du Jose Luis Calama epailearen aurrean, ikertu gisa.