ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Harrera ekitaldiko argazki bat
2019/06/12 22:11

Argazki galeria osoa, hemen

Gazte Sozialisten Topaguneko partaideak 10:00etan hasi dira Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak eraikin birjabetuaren atarira hurbliltzen. 300dik gora izan dira, goizean goizetik, bost egunez luzatuko den ekimenarekin bat egin dutenak. Iritsi eta berehala ezagutu dute eraikina, eta datozen egunetarako logelak izango direnak banatu dituzte ondoren; baita lan egunetarako lantaldeak aurkeztu ere, arloka. Harrera ekitaldian "prozesu sozialistari egindako ekarpena" eskertu dute antolatzaileek, eta datozen egunetarako xehetasunak jakinarazi dituzte.

Eguerdian, herriko Azoka Plazan egin dute bat ehunka lagunek, bazkaltzeko. Lanerako indarrak hartuta, bakoitzak bere eginbeharrei heldu die ondoren, eta taldetan banatuta, hasiera eman diete lehen eguneko lan saioei.

Lan egutegia: lantaldeak eta erronkak

Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleek topagunea aurkeztu zutenean jakinarazi zuten, helburu orokorrekin batera, Azpeitiko Krisiaren Seme-Alabak taldearen proiektuari bultzada ematea zutela xede. Lan egunen bitartez artikulatutako auzolanek, batetik, Esklabak eraikinak dituen azpiegitura beharrei erantzungo diete; eta bestetik, gaztetxeko kideek esku artean dituzten egitasmoak gauzatzen lagunduko dute. Era berean, asanbladako kideek Loiolan duten biltegiko baratzea eta animalien gunea landuko dituzte.

Arotzgintza lantaldea

Bi lantaldetan banatu dira gazteak; 25 lagun inguru izan dira guztira. Lantaldeetako bat gaztetxera joan da, komunen gainean bigarren pisu bat eraikitzeko obrei ekiteko. Bertan, egur oholak jarri dituzte, gerora serigrafia tailerra eta biltegia izango diren espazioak eraiki ahal izateko. Beste taldea, aldiz, Esklabak eraikineko bigarren solairuan aritu da lanean. Bertan, Krisiaren Seme-Alabek asmoa dute herriko sektore kolpatuenen etxebizitza beharrak asetzeko espazioak egokitzeko. Izan ere, dagoeneko badute berehalako beharra duten herritarren berri. Hala, egokitzapen lanekin hasi dira gaur, eta helburua da sukalde bat egitea solairuan. Hala, lehen komunak ziren gunean, sukaldea eraikiko dute datozen egunotan.

Elektrizitate lantaldea

Lau lantaldetan banatu dira arlo honetan, eta 40 lagun inguruk jardungo dute. Lehen taldekoek elektrizitate kutxa zaharrak kendu eta kable berriak sartuko dituzte. Talde horrek helburu izango du 0. solairuan egingo diren proiektuetarako argi puntua eta entxufeak prestatzea. 

Bigarren lantaldeak, ordea, sotoan elektrizitate kutxa jartzeko lanak abiatu ditu. Argi puntu batekin eta bi entxuferekin, sotoan egin behar diren lanetarako beharrezko azpiegitura prest utzi nahi dute horrela. Behin hori bukatuta, lantaldeak 0. solairuko geletako instalazioak egingo ditu.

Hirugarren lantaldeak, eraikineko dorrean dagoen ikasgelako argi indarra egokituko du, jendeak bertan ikasteko aukera izan dezan. Hori amaituta, 2. solairuko instalazioa egingo dute. Laugarren taldeak, bestetik, eguzki plakak jarriko ditu. Zortzi plaka izango dira guztira, eraikinaren aurreko aldean.

Baratze guneko lantaldea

Bi lanegun izango dira baratzean egunotan, eta 10 pertsonako lantaldeak osatuko dituzte. Batetik, baratzeko lur sailetako batean sartuta dagoen babarrunari euskarriak jarri dizkiete gaur. Bestetik, ostiralean, uraren instalazioa egokituko dute baratzetako batean, ur hodiak tartean. Bi hortuak Loiolako Biltegi Komunalekoak dira, eta lan horien bitartez, udara begira egin beharreko lanak aurreratu nahi dituzte.

Sukaldaritza lantaldea

Bi taldetan dago banatuta sukaldaritza lantaldea; bakoitza, hogeina pertsonakoa. Talde bat gosariez, hamaiketakoez, meriendez, garbiketez eta mahaiak prestatzeaz arduratuko da; bestea, berriz, bazkariak eta afariak prestatzeaz nahiz lehengaiak eskuratzeaz. Bazkari eta afariak gaztetxean prestatuko dituzte; Esklabak eraikinean, aldiz, gosariak, hamaiketakoak eta meriendak.

Iturgintza lantaldea

Bi lantaldetan banatu dira arlo horretan ere. Kasu honetan, 10 pertsonakoak dira taldeak, eta hiru azpilantaldez osatua dago talde bakoitza. Kanalen bidez jasotzen den euri uraren bilketa sistema prestatzeaz arduratuko da taldeetako bat, eta sotoan egingo du sistema hori. Dekantazio sistema bat egingo diote euri ura arazteko. Ondoren, zirkuitu orokorra eraikiko dute, dutxetarako eta komunetarako erabiliko dena. Era berean, lehen solairuko arraska eta isurbideak konponduko dituzte, baita sotokoak ere.  Bestalde, bigarren lantaldeak, aurreko lantaldeak prestatu dituen instalazioetako ura goiko pisuetara bideratuko duen moto bonba instalatuko du, komunetara eta arrasketara ura heldu dadin.

Azkenik, ur hornidurari dagokionean, komunak, dutxak eta gainontzekoak prestatzen joango da taldetako bat. Sukalde berrirako instalazioa prestatzen eta bonbaren instalazioa konektatzen egingo dute lan. Bost bat komun daude erabilgarri gaur gaurkoz, eta topagunean zehar, guztiak egokitzea espero dute.

Animalien guneko lantaldea

Alde batetik, Loiolako Biltegi Komunaleko kideek animaliak dituzten lur saileko etxolan, sukaldea egin ahal izateko arkupe handi bat eraikiko dute, kanpoaldean. Hala, etxola txukun izateko baldintzak izango dituzte aurrerantzean. Horrez gain, ur hornidurarako bidoiak jarriko dituzte. Bestalde, untxien etxolak handitzea da asmoa, eta txerri txikientzat ere espazioak egokituko dituzte. Helburua proiektu komunalari bultzada ematea da.

Garagardotegiko lantaldea

Loiolako biltegiko kideek artisau garagardoa egiten duten lokalaren kanpoaldeko atea lijatu eta margotuko dute, bizilagunen eskaerei erantzuteko. Bestalde, garagardoa egiteko fermentazio makinarentzat oinarria jarriko dute, eta lokaleko biltegia Esklabak eraikinera mugituko dute, garagardoa egiteko leku erosoagoa izan dadin.

Margoketa lantaldea

20 pertsonako lantaldea da. Lantaldeetako bat sotoko hormak zuriz margotzeaz arduratuko da, eta besteak, berriz, bistan gelditzen diren hormetan muralak egingo ditu. Gaur arratsaldean horma guztiak zuriz margotzen aritu dira, horien gainean, diseinatutako muralak egin ahal izateko.

Tailer espezifikoak: jakintzak eta bitartekoak kolektibizatuz

Lantalde horiez guztiez gain, tailer zehatzak ere jarri dituzte martxan; hain zuzen, txosnen muntaketa eta desmuntaketa batetik, eta komunikazio tailerra bestetik.

Komunikazio tailerra

Komunikazio tailerrean Adoberen Photoshop eta Premiere programak erabiltzen ikasiko dute parte hartzaileek. Tailerraren helburua komunikaziorako eraginkorrak diren tresnetan ahalik eta jende gehien trebatzea izango da, gaitasun horiek eskuratzea "oso garrantzitsua" dela iritzi baitute antolatzaileek.

Txosna muntaketa eta desmuntaketa tailerra

Txosnen muntaketa eta desmuntaketa tailerrean, lan horietarako beharrezko gaitasunak eskuratzeko aukera izango dute taldekideek. Planoak egiten ere ikasiko dute. Behin tailerra bukatzean, parte hartzaile berriak sartuko dira. Errotazio-sistemaren bitartez, ahalik eta talde gehienek lan horietan "autonomia" izatea da asmoa: "Gaztetxe eta bestelako eragile sozialentzat txosnak diru-iturri garrantzitsua izan ohi dira. Muntaketa eta desmuntaketa lanek dirutza balio dute. Tailerraren bitartez, kostu hori aurrezteko baliabideak emateaz gain, bitartekoen kolektibizaziorako oinarriak ere jarri nahi ditugu".

Biltegia: tresna eta bitartekoen zaindari

Egunotan egingo diren lan guztien "mapeoa" osatu dute antolakuntzako kideek; nola ez, lan horiek guztiak egin ahal izateko beharrezkoa izango den material guztia prest eta ordenatuta daukate. Biltegiko arduraduna da lantalde espezifiko bakoitzak behar dituen tresnak kudeatzeaz arduratzen den pertsona. Bere lana "lan egun guztietako une guztietan materiala non dagoen jakitea da, baita lantalderen bat material beharrean badago, hornitzaile taldekoei enkargua pasatzea ere, inori ezer ez faltatzeko".

NO HAY COMENTARIOS