ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/11 08:42

Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek atzo eman zuten argitara 2023ko Gazte Topagune Sozialistaren egitaraua. Hilabete baino ez da geratzen ekimena hasteko, eta, aurten, Atarrabian (Nafarroa) eta Burlatan (Nafarroa) jarri dute hitzordua. Urriaren 11tik 15era bitartean, beraz, han elkartuko dira milaka eta milaka gazte.

Ohi bezala, garrantzi berezia izango dute hainbat eta hainbat auzi politiko lantzeko hitzaldiek eta mahai-inguruek. Bi egunetan izango dira saio horiek; urriaren 12an eta 14an, zehazki. Urriaren 12an, goizean, bi saio entzuteko aukera izango da: Gazte zein ikasle langileok eta sozialismoaren eraikuntza. Egungo erronkak batetik, eta Militantzia komunista. Nolakoa izan behar du burgesiaren botereari aurre egiteko militantziak?, bestetik. Egun horretan, arratsaldean, beste hitzaldi bat ere eskainiko dute: Proletarizazio prozesua eta ziklo aldaketa politikoa: koiuntura historikoa eta Mugimendu Sozialistaren erronkak. Bi egun beranduago, urriaren 14an, azken hitzaldi bat egongo da Topagunean: Estrategia sozialista berria: komunismoaren berrosaketarako oinarriak.

Horretaz gain, elkartzeko eta elkarrekin egiteko hainbat ekintza izango dira Topagunean zehar; esaterako, mendi martxa bat, Olinpiada batzuk, edota korto txapelketa bat (gai zehatz bat oinarri hartuta, aurrez aurkeztuko dituzte lehiaketarako ikus-entzunezkoak, taldeka). Bestalde, askotariko kirol ikuskizunak (boxeo ikuskizuna; pala, zesta-punta eta pilota ikuskizuna nahiz skate ikuskizuna) eta musika emanaldiak antolatu dituzte egun horietarako.

Aurten, Gazte Topagune Sozialistako oholtzetan arituko dira Edu Zardoya, Desgaraian, Añube, Against You, Berandu Baino Lehen, Gozzue, Bris, Merina Gris, Ill Pekeño & Ergo Pro, Elio Toffana, Raimundo el Canastero, Toc, The Lio eta hainbat DJ. Gainera, Haustura izenpean sortu dute musika ikuskizun bat hainbat artistak (Haustura da Topagunearen aurtengo abestiaren izena).

Edizio honetan, bestalde, aurreneko aldiz, manifestazio batekin itxiko dute Topagunea. Azken egunean, urriaren 14an, mobilizazio bat egingo dute, Gazteria langilea Estatu Sozialista eraikitzen leloaren pean. Ekitaldi politiko bat izango da horren amaieran.

Antolatzaileek aurreko hilabetean jakinarazi zuten bezala, aurtengo Gazte Topagune Sozialistarako bono orokorrak eros daitezke jada. Ondorengo loturan daude eskuragai egun guztietarako balio duten bonoak: labur.eus/9Sb2g.
NO HAY COMENTARIOS