ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/06 09:53

Vienan Ministro Konferentzia bat egin dute berriki Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) eta bere aliatu ekoizleak diren hamar herrialdek; tartean, Errusiak, Mexikok eta Kazajistanek. Gaur egun Aljeriak, Indonesiak, Iranek, Irakek, Kuwaitek, Libiak, Nigeriak, Qatarrek, Saudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Venezuelak osatzen dute LPEE, eta petrolioari lotutako politikak bateratzen dituzte. Petrolioaren munduko ekoizpenaren %60 dago herrialde horien gain. Aste honetako bileran, aliantza gutxienez 2023ra arte luzatzea erabaki dute kideek, La Vanguardia-k jaso duenez.

Petrolio ekoizpenari lotutako erabaki potolo bat ere hartu dute: "ekoizpen globala beherantz egokitu" eta petrolio ekoizpena jaitsiko dute, eta egunean bi milioi upel gutxiago ekoitziko dituzte aurrerantzean. Horrek, zehazki, munduko ekoizpena %2 jaistea ekarriko luke. Kide guztien artean, gehienez, 43,85 milioi barril ekoitziko dituzte egunean, ofizialki zehaztutakoaren arabera —Iran, Libia eta Venezuela ez ditu barne hartzen horrek—.

Adituen arabera, dena den, murrizketa erreala ofiziala baino zertxobait txikiagoa izango da. Azpimarratu dute, gainera, haien helburuetan aurrez finkatutako kopuruen azpitik ari direla ekoizten jada LPEEko kideak.

Aurtengo abendutik aurrera sartuko da indarrean neurri hori, eta 2020ko maiatzetik izan den murrizketarik handiena da; orduko hartan, COVID-19aren eraginez hartu zuten erabakia. Oraingoan, Ukrainan leher egin duen gudaren testuinguruan atera dute mahaira neurria, eta AEBen nahiz Europar Batasunaren presiopean: esaterako, berriki erabaki du Europar Batasunak Errusiari zigor gehiago jartzea, tartean, Errusiatik inportatutako petrolioa mugatzea. Hala ere, petrolioaren salmenta aldatzea eta, besteak beste, Txinari, Indiari, Turkiari eta Malasiari saltzea lortu du jada Errusiak.

Gasolinaren prezioa, maximo historikoetan

Petrolio ekoizpena murrizteak, noski, prezioa are gehiago igotzea ekarriko du, eta horrek langileriaren poltsikoetan eragingo du zuzenean. Irailean zertxobait jaitsi da petrolioaren erreferentziazko prezioa Europan; martxoan ukitu zuen goia, upel bakoitzeko 128 dolarreko prezioa finkatu zenean. Martxotik irailera, %31 egin du behera erreferentziazko prezio horrek, eta une horretan hartu du erabakia LPEEk.

Dena den, irail amaieratik —orduan zabaldu ziren LPEEk petrolio ekoizpena jaisteko zuen asmoari buruzko zurrumurruak—, %9 igo dira prezioak. Badirudi aliantzaren asmoa dela upel bakoitzaren erreferentziazko prezioa 90 dolarreko gutxieneko mugatik ez jaistea.

Erabaki berri posible baten atarian

Abendu hasieran Errusiarekiko harremanei buruzko erabaki bat hartuko dute, ustez, Europar Batasuna osatzen duten estatuek. AS atariak aurreratu dutenez, baliteke 27 herrialdeek apustu bat egitea: debekua jartzea Errusiatik gas-hodi bidez petrolioa inportatzeari. Abenduaren 4an dira biltzekoak.

NO HAY COMENTARIOS