ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ashalim eguzki-parkea.
2024/05/21 18:40

Ikerketa batek Espainiako Estatuko finantza-sistemaren eta Palestinako lurren okupazioaren arteko harremanak aztertu ditu. Nora Miralles, Carlos Díaz eta Felip Daza ikertzaileen arabera, eguzki-energia ustiatzeko parkeak eta proiektuak lurralde okupatuetan eraikitzen ditu estatu sionistak, eta Espainiako Estatuko finantza-sistemaren zein estatu sionistaren arteko lotura finantzarioak azaleratu dituzte. BBVA, Kutxabank, Ibercaja, TSK Group, Abengoa edota Soltec enpresak ageri dira mapan, besteak beste.

Estatu sionista, independentzia energetikoaren bila

Israelgo Estatua "irla energetiko bat" izan da, inguruko herrialdeetako energia-sistemetatik eta elektrizitate-sareetatik isolatuta dago eta. Estatu sionistak, gainera, historikoki energia inportatu behar izan du, eta "inportazio energetikoekiko" menpekotasun handia eduki izan du. Hala izan zen, harik eta 2009tik aurrera kostaldean Tamar eta Leviathan gas-hobiak aurkitu zituztenera arte. Horrela, estatu kolonizatzaileak erreserbak handitu ditu geroztik eta, antza denez, gasari esker urtean kontsumitzen duen energia 35 bider ekoizteko gaitasuna lortu zuen, 2018ko datuen arabera.

Testuingurua aldatu da orain eta, aldaketa klimatikoa dela-eta, Mendebaldeko herrialdeek energia berriztagarrien alde egin dute, diote ikertzaileek. Hala, independentzia energetikoa mantentze aldera, 2020an estatu sionistak kontsumitzen duen energiaren %30 iturri berriztagarriek ekoiztea nahi du, eta ehuneko horren %90 eguzki-energiak asetu beharko du. Horretarako, eguzki-energia parkeak boskoiztu beharko ditu datozen urteetan.

Lurraldeen okupazioan "faktore garrantzitsua" dira eguzki-energia parkeak

Ikertzaileek salatu dutenez, lurraldean zabaltzeko eta palestinarrak kanporatzeko eguzki-energia ustiatzen duten proiektuak ere baliatzen dituzte sionistek. Zisjordania hiru eremutan banatzen du estatu sionistaren okupazio militarraren sistemak: A eremua (lurraldearen %18), Palestinako Autoritatearen esku omen dagoena; B eremua (lurraldearen %22), "partekatutako administrazio baten esku" dagoena; eta C eremua (lurraldearen %60), estatu sionistak militarki kontrolatzen duena. Bertan daude sionisten hamaika kokaleku ilegal: osotara, 600.000 kolono sionista bizi dira legez kanpoko 250 egonlekutan.

Azken eremuan, C eremuan hain zuzen ere, aurkitzen dira eguzki-energiaren ustiaketarako parke guztiak. Baliabide naturalen eremu bat da hori, "urre zuria" deituriko harria gordetzen duena, eta laborantzarako lur ermankorra duena. Ikerketan seinalatzen dutenez, egonleku industrialak daude eremu horretan ere, eta ekoizpena palestinarren lurraldeetatik ustiatutako lehengaietan oinarrituta dago.

Eguzki-energia parkeek ere funts berdina dute. Jordan haranean (C eremuaren barnean) daude eguzki-energia parkeen proiektu gehienak. Palestinarrak IEC enpresa publiko sionistaren elektrizitate-sarea erabiltzera behartuta daude A eta B eremuetan, baina C eremuan azpiegiturarik ere ez dago. Eremu horretan, gainera, 2016an palestinarren 16.085 eraikin botatzeko agindua eman zuen Israelgo Estatuak. Prozesuan ICAk eta militar sionistek "ur- eta eguzki-ekipamenduak suntsitu edo lapurtu zituzten", palestinarren eta beduinoen energia-baliabide urriak txikituz.

Espainiako finantza-sistemaren greenwashing

Naqab desertuan eta Zisjordanian zehar egiten dituzte eguzki-energia instalazioak. Kolonizatzaileen etxeetan baliatzen dira eguzki-panelak, baina inbertsio handienak Naqab desertuko "makroproiektuetan" aurki daitezke, besteak beste: Ketura Sun eguzki parkea, Ashalimeko proiektu erraldoia (estatu sionistak zabaltzeko asmoa duena) edota Shneur Tze'elim.

Megraproiektu horiek, ikertzaileek azpimarratu dutenez, kanpo-inbertsio handiak behar dituzte. Parkeen eraikuntzan nazioarteko parte-hartzea nabarmena da: Frantziako Estatuko EDF Energies Nouvelles, Alemaniako Belectric edota AEBetako Solar First enpresek proiektu horiek hornitu edo eraiki dituzte.

Mendebaldeko enpresak zein bankuak eguzki-energia parke horien eraikuntzan murgilduta daude, eta dokumentuak estatu sionistaren eta Espainiako Estatuko finantza-sistemaren arteko loturak aztertu ditu, zehazki. SolarEdge enpresak, eguzki parkeen hornitzailea Jordango Haranean, Santander Bankuarekin loturak ditu eta Ibercajaren "inbertsio-funtsetan ageri" da. Halaber, ikertzaileek jakinarazi dute Bankiak eta BBVAk enpresa sionistaren ia milioi erdiko akzioak pilatzen dituztela.

Banku horiek ez ezik, Abengoa enpresak Naqab desertuko Ashalim megaproiektuaren plangintzan parte hartu zuen, eta enpresa horren eguzki-energia proiektuen finantziazioa Bankiaren esku zegoen, besteak beste. Enpresa horrek, gainera, proiektuaren %50 saldu zion TSK Group espainiarrari. Hori ez ezik, Alstom enpresan (megaproiektuaren jabeetako bat) arrisku-aktiboak ditu BBVAk, eta 400 milioi euroko "abal berdeak" ere eman dizkio. 

Salatu dutenez, bankuek eta enpresek greenwashing (zuriketa berdea, euskaraz) praktika baliatzen dute. Alegia: "ingurugiroarekiko adeitsuak" ,"sozialki arduratsuak" eta "jasangarriak" diren proiektuak finantzatzen dituztela esaten dute enpresek eta bankuek, baina Palestinaren okupazio-prozesuaren parte diren lurretan gauzatzen dituzte proiektu horiek. Zentzu horretan, instituzio publikoen "bono berdeen" erabilera handitu dela ohartarazi dute eta, antza denez, bankuen eta inbertsio-funtsen "lehentasunezko merkatua" bilakatu direla.

NO HAY COMENTARIOS