Urriaren bukaeran, mobilizazio deialdi bat egin zuten Euskal Herrian, palestinar erresistentziaren alde eta sionismoaren kontra. Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozida lelopean aurkeztu zuten manifestaziorako deialdia Bilbon (Bizkaia), bai eta horrek oinarri izango zuen manifestua ere, hamar ideia nagusi bilduta.
Besteak beste, Mendebaldearen "konplizitatea eta kolaborazioa" salatu zituzten deitzaileek, "zapaltzaileak eta zapalduak parekatzen dituzten" diskurtsoak gaitzetsi zituzten, "palestinar herriak bere okupatzailearen aurkako erresistentziarako" daukan eskubidea babestu zuten, gobernu sionistaren izaera faxista azpimarratu zuten, eta irtenbidea "Israelgo estatu sionistaren desagerpenarekin" lotu zuten.
Urriaren 28rako deitu zuten mobilizatzera, Bilbon, Euskal Herri mailako deialdi baten bidez. Egun horretan, hala, manifestazio erraldoi bat izan zen Bizkaiko hiriburuko kaleetan barrena. "Ez da distantziakideak izateko unea. Bakearen izenean alde bietatik biolentzia etetera deitzen duten diskurtsoek parekatu egiten dituzte zapalduak eta zapaltzaileak, eta herri baten autodefentsa-erresistentzia ezin da parekatu entitate militar kolonial inperialista batekin", esan zuten, besteak beste, antolatzaileek.
Beste lau manifestazio asteburu honetan
Manifestazio horri jarraipena emateko, eta hamar puntuko manifestu berdina oinarritzat hartuta, mobilizazio deialdi gehiago egin dituzte asteburu honetarako. Larunbatean, hilaren 11n, lau manifestazio izango dira: Bilbon bertan kalera aterako dira berriz, baina beste hiru protesta ere izango dira; Gasteizen (Araba), Iruñean (Nafarroa) eta Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) artean, hain zuzen ere.
12:00etan hasiko da Hendaia-Irun arteko manifestazioa, Hendaiako tren geltokitik; muga igaro ostean, Irungo CAF enpresa aurrera eramango dute protesta (sionistekin lotura zuzena du enpresa horrek). Iruñean 12:30erako egin dute deialdia, Gaztelu Plazan. Bilboko eta Gasteizko mobilizazioak, berriz, 18:00etan hasiko dira; Eliptikatik bata eta Bilbo Plazatik bestea, hurrenez hurren.