Centre Delàs ikerketa-zentroak Israelgo Estatuaren ofentsiba militarra hornitzen eta finantzatzen duten enpresak eta bankuak aztertu ditu. Arma-esportazioak, banketxeen finantziazio-operazioak eta armagintzako enpresen ekoizpena dokumentatu dituzte ikertzaileek, eta Espainiako Estatuko bankuen parte-hartzea jarri dute jopuntuan, esate baterako.
Azken hamar urteetako arma-esportazioei eta finantza-operazioei buruzko datuak baliatu dituzte horretarako, eta armagintza sektoreko dozenaka enpresa identifikatu dituzte nazioartean, besteak beste, Lockheed Martin, Boeing, Day & Zimmerman, Leonardo edota Israel Aerospace Industries. Hori ez ezik, enpresa horiek guztiak finantzatzeko Espainiako Estatuko bankuek egindako operazioak ikertu dituzte. Besteren artean, Banco Santander, BBVA, CaixaBank eta Ibercaja banketxeek negozio horretan duten zeregina aurkitu dute.
AEBak, estatu sionistaren hornitzaile nagusia
Israelgo Estatuak Gazako Zerrenda suntsitu du, 2023ko urriaren 7aren ostean bere ofentsiba biziagotu zuenetik: Bloomberg atariaren arabera, abuztura bitartean, Gazako etxebizitzen %70 suntsitu zituzten sionistek, baita oinarrizko azpiegiturak ere (errepideak, ospitaleak, eskolak...). 40.000 palestinarretik gora erail dituzte sionistek Gazan, eta horietatik 16.000 baino gehiago haurrak ziren. Txikizioak Zerrendan bizi ziren 2,2 milioi palestinar lekualdatzera behartu ditu, eta espazio geroz eta txikiagoetan daude pilatuta, ur edangarririk, janaririk edota botikarik gabe.
Egoera tamalgarri horretan erantzukizun zuzena dute estatu sionista hornitzen duten armagintza-enpresek. Centre Delàsen txostenean azaltzen dutenez, Israelgo Estatuak "industria militar propioaren garapenari esker" lortu duen "botere militarra" salmentaren bidez eskuratu du, baina, gainera, estatu sionistak "AEBekin elkarlan estrategiko estua mantentzen du": urtean 3.800 milioi dolar eman dizkiote azken sei urteetan.
Elkarlana, ordea, ez da soilik ekonomikoa. Lotura militar estua dute Israelgo Estatuak eta AEBek, eta entitate sionista da Boeing edo Lockheed Martin arma-enpresen eroslerik garrantzitsuenetariko bat. Ekoizpen eta garapen militar bateratuetarako programak ere badituzte bi gobernuek, urtean 500 milioi dolarreko kostuarekin. Sionisten Iron Dome edo Altzairuzko Kupula bezala ezaguna den misilen aurkako babes-sistema elkarlan horren emaitza da, adibidez.
AEBetako enpresak aztergai
Zehazki, nazioarteko hamabost armagintza-enpresak saltzen dizkiote armak eta munizioa estatu sionistari, eta horietatik hamar dira AEBetakoak: Boeing, Lockheed Martin, RTX, General Dynamics, Oshkosh Defense, MDT Armor Corporation/Shladot, BAE Systems, Bollinger Shipyards eta General Electric. Azken hamar urteetan 40 operazio egin dituzte enpresa horiek estatu sionistarekin, osotara, 7.794,80 milioi dolarrekoak, Stockholm International Peace Research Institute zentroaren TIV adierazlearen (balioen joera adierazlea, ingelesezko sigletan) arabera.
Operazio horiek, txostenak erakusten duenez, handitu egiten dira estatu sionistaren gatazkak eta erasoaldiak areagotzen direnean, azken urtean gertatu den bezala. Izan ere, Israelgo Estatua "eskala txikiko gerra eta gatazka motzak bere gain hartzeko gai bada ere, AEBekiko dependentzia handia du gerra sutsu eta luzeetan", hala nola, aipatutako hornidura dela-eta.
Armagintza-korporazio horien guztien artean, lau dira nagusi, diru-transferentzia bolumenari erreparatuz gero: Lockheed Martin, Boeing, General Dynamics eta RTX (Raytheon izenez ere ezaguna). Misilen esportazioari dagokionez, Boeing enpresak GBU-39 SDB eta JDAM misilak ekoizten ditu, eta Israelgo Estatuak horietako milaka erosi ditu. 4.1000 GBU-39 misil erosi zituen 2017an, 1.000 2021ean, eta beste 1.000 aurten. JDAM misilak saltzen ere dirutza egin du Boeingek; 2016an 1.588 erosi zizkioten sionistek, 2021ean 1.800, eta 2023an bigarren eskuko 1.200.
Baina misilak ez ezik, aireontziak ere saltzen dizkio Boeingek estatu sionistari. Apache AH-64A helikopteroak ekoizten ditu enpresa estatubatuarrak, eta halako hamabi erosi zituen Israelek 2023an. Boeingek F-15 Advanced Eagle ehiza-hegazkinak ere saldu dizkio, 25 zehazki, baita 18.000 milioi dolarreko balioa duten beste 50 hegazkin ere. Lockheed Martinek, bestalde, ehiza-hegazkinak, misilak eta munizioa saldu dizkie sionistei. Hori gutxi balitz, dozenaka F-35A Lightning eta F-35I hegazkin erosi dizkiote konpainia horri: 2010ean hemeretzi, 2015ean hamalau, 2017an hamazazpi eta 2022-2024 artean sei. Beste 25 erosteko asmoa ere badu entitate sionistak, 2027an jasotzeko.
Lockheed Martin, RTX eta General Dynamicsek, gainera, artilleria eta munizioa ere ematen dizkiete sionistei. General Dynamicsek, esate baterako, 155 mm-ko M107 eta M795 jaurtigailu astunak saldu dizkie aurten, 147,5 milioi dolarreko balioarekin, gutxi gorabehera. Osotara 57.000 jaurtigailu baino gehiago ahalbidetu dizkie azken urtean. Lockheed Martinek misilak eta artilleria saldu dizkio estatu sionistari, RTX enpresarekin batera. Konpainia horiek Paveway izeneko misil gidatuak garatu dituzte, eta ehunka saldu dituzte azken urteetan.
Europak ere hornitzen ditu sionisten indar militarrak
Alemania eta Italia dira, Europar Batasunaren barruan, sionisten hornitzaile nagusiak, baina Espainiako Estatuak ere modu nabarmenean hartzen du parte salerosketa-harremanetan. Alemaniari dagokionez, 2023ko urriaren 7tik aurrera, hamar aldiz handitu ditu estatu sionista helmugatzat zuten arma-esportazioak, eta Israelgo Estatuak jasotako laguntza militarraren %30ak du jatorria Alemanian, aipatutako txostenean zehazten denez. 2014tik 2023ra egindako esportazioei dagokienez, hiru bidalketa izan dira itsasontziak, bi motorrak eta bat misilak.
Adibide modura, MTU Friedrichshafen eta Rolls-Royce enpresei tankeak eta ibilgailu armatuak hornitzeko motorrak erosi dizkie estatu sionistak, Eitan, Merkava-4 edota Namer ibilgailuak hornitzeko. Rheinmetall enpresak, bestalde, milaka kartutxo, tankeen jaurtigailu eta torpedo saldu dizkio armada sionistari. 2012an soilik, 20 milioi euroko balioa zuten 150 torpedo erosi zizkioten sionistek, eta, azken urtean, tankeentzako 10.000 jaurtigai eskuratu dituzte hala.
Esan bezala, Italiak ere erantzukizun zuzena du sarraskian. Leonardo enpresa, bereziki, Gazako sarraskiarekin aberastu da. Bi esportazio nagusi egin ditu azken hamar urteetan. 2015ean bi Super Rapid 76mm kanoi erosi zizkion Israelgo Estatuak, eta 2022-2023 artean entregatu zituen. 2019an, berriz, AW119 Koala helikopteroak erosi zizkion. Dozena bat unitate lortu zituzten sionistek, eta 2023an iritsi ziren Israelgo Estatura.
Esportazio horiek ez ezik, 2023ko martxoan ere armak eta munizioa esportatu zituzten Italiatik, eta, antza denez, 13.707 milioi euroko balioa izan zuten bidalketek. Urte berean, urrian, hegazkinen eta ibilgailu berezien esportazio bat egin zuten berriz, 14.800 milioi euroko balioarekin.
Esportazioak egiten jarraitzen dute Espainiako Estatutik
Espainiako Estatutik ere esportazioak egin dituzte estatu sionistara azken urteetan: ikerketaren arabera, "milioi ugariko baliora iritsi diren esportazioak baimendu ditu" Espainiako Gobernuak. Azken bost urteetan, 20 mm baino gutxiagoko armak, munizioak, bonbak, torpedoak, suziriak, misilak eta beste lehergailu batzuk bidali dituzte, baita ibilgailu militarrak eta gerra-ontziak ere.
Espainiako Gobernuak esan duen arren ez dizkietela sionistei armak esportatu 2023ko urriaren 7tik, "iazko azaroan 987.000 euroko balioa zuten munizioak bidali ziren Israelera", eta Nammo enpresak saldu zizkion Elbit Systems enpresa sionistari. Hori ez ezik, 125.240 euroko balioa zuten "bonbak, granadak, torpedoak, minak, misilak eta bestelako munizio eta jaurtigailuak" bidali zituzten Israelgo Estatura, nahiz eta Filipinasera zihoazela adierazi. Osotara, 93. kategoriako (armak eta munizioak) 1,1 milioi euroko esportazioak egin dituzte Espainiako Estatutik Israelera iazko urriaren 7tik hona, eta, beraz, Europar Batasuneko bosgarren herrialdea da hornitzaile nagusien zerrendan.
Espainiako Estatuko banketxeek sarraskia finantzatzen dute
Espainiako Estatuko bankuek lotura zuzena dute sionisten gerra hornitzen duten armagintza-enpresekin. 2011tik 2024ra bitartean, 3.606 finantza-operazio egin dituzte arestian aipatutako enpresekin, eta gehienak izan dira azken bost urteetan. Negozio horietan nagusi dira BBVA eta Banco Santander, baina Caixabank, Ibercaja, Banco Caminos eta Banca March banketxeek ere finantzatu dituzte Boeing, Day & Zimmerman, General Dynamics, Oshkosh Corp, Leonardo, Rheinmetall eta MTU Friedrichshafen arma-enpresak.
BBVAk 1.300 milioi eman dizkie enpresa horiei, Banco Santanderrek 1.200 milioi eta Caixabankek 110 milioi, esate baterako, Boeing eta General Dynamics finantzatzeko. Adibide modura, General Dynamicsi finantziazioa bermatu dio BBVAk, 345 milioi dolarren bidez. Santanderrek, berriz, 58 milioi dolar eman dizkio Day & Zimmerman konpainiari.
Bestalde, Boeing, Leonardo eta Lockheed Martin enpresen ehiza-hegazkinen ekoizpena eta mantenua ordaindu dituzte Santanderrek (1.218 milioi dolar Boeingi, 198 milioi dolar Leonardori), BBVAk (933 milioi dolar Boeingi, 198 milioi dolar Leonardori) eta CaixaBankek (110 milioi dolar Boeingi). Hegazkin horiek Gazako Zerrenda, Libano eta Yemen bonbardatzeko erabili dituzte sionistek, eta JDAM misil gidatuak ere baliatu dituzte.
Alemaniako Rheinmetall korporazioari ere eman diote finantzaketa Espainiako Estatuko bankuek. Armagintza-enpresa horrek 155 mm-ko M109-52 Howitzer obusak egiten ditu, eta Gazako portua eta Libano bonbardatzeko erabili ditu Israelgo Estatuak. Rheinmetalli dirutza eman diote Banco Santander (1,8 milioi dolar), BBVA (16,89 milioi dolar), EDM Group (8,82 milioi dolar), Ibercaja (2,53 milioi dolar), Banco Caminos (0,25 milioi dolar), Dux Inversores (0,17 milioi dolar), Renta 4 Banco (0,56 milioi dolar) eta GVC Gaesco Group (0,41 milioi dolar) entitateek.