ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/02/03 09:07

Aurreko larunbatean Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) egindako mobilizazio masiboen ostean, "ikasle langileon unea dela" uste du Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), eta deialdi bat egin du hilabete honetarako: otsailaren 26an, faxismoaren eta inperialismoaren kontrako mobilizazioak egingo ditu Euskal Herriko hainbat hiriburutan.

"Larunbatean 10.000 gazte langilek baino gehiagok faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu genituen. Kapitalismoa krisian baitago eta inperialismoa inoiz baino indartsuago; horren aurrean, elite ekonomikoak eta agintari politikoak faxismo berri bat artikulatzen eta estatuak militarizatzen ari direla salatu genuen", ekarri du gogora IASek, agerraldi baten bidez: "Dena ez dela erreakzioa erakutsi eta milaka gazte datorrenari aurre egiteko prest gaudela adierazi genuen".

Faxismoaren aurkako lana azken asteetan

Ikasle-antolakundeak uste du "faxismoaren aurkako olatu hau ezin dela eten"; "are gehiago, handitzen jarraitu behar duela, faxismoari eta agenda inperialistari zentimetro bat bera ere ezin diogulako utzi". Azken asteetan, ikasleek ere buru-belarri jardun dute lanean eskoletan eta unibertsitatean, urtarrilaren 31ko manifestazioak indartzeko; eta uste dute ezinbestekoa dela "komiteen, kaleko lanaren eta ikasle antolakuntzaren bitartez sortzen joan garen dinamika antifaxistari jarraipena ematea". Beharrezkotzat hartu dute, "Palestinaren aldeko mobilizazio antiinperialistetan" egin bezala, "ikasle langileok, orain, faxismoaren eta inperialismoaren aurkako olatu berri hau bultzatzea".

IASek aurreratu du, azken asteetako lanari segika, ikasle-batzordeak antolatzen jarraituko duela bigarren hezkuntzan, lanbide heziketan eta unibertsitatean. Nazioarteko ikasleriari deia luzatu dio gainera, "faxismoaren eta inperialismoaren aurkako borrokara batu daitezen". 

Martxoaren 3a Gasteizen

Horrez gain, Gasteizen, martxoaren 3ari begira lanean segitzen du IASek, ikasle-greba egingo baitute bertan 1976ko sarraskiaren urteurrenean. Faxismoaren eta inperialismoaren kontrako lanaren "norabide berean" kokatu du deialdi hori antolakundeak, "faxismoa ez delako iraganeko auzi soil bat; eta atzo egin zutenengatik, gaur eta beti faxismoari aurre egin behar diogu".

NO HAY COMENTARIOS