ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gurutzetako ospitalea.
2022/01/14 09:35

Iruñeko (Nafarroa), Galdakaoko (Bizkaia), Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia), Zumarragako (Gipuzkoa), Donostiako (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba) eta Baionako (Lapurdi) ospitaleetan elkarretaratzeak egin dituzte gaur, tokian tokiko Kontseilu Sozialistek deituta. Aldarri argi bat plazaratzeko egin dituzte protestak Euskal Herriko erietxe nagusietan: osasungintzaren kolapsoaren aurrrean, osasun sistema sozialista aldarrikatu dute.

"Osasun sistemaren eta horko langileen egoera oso larria da. Osasun zerbitzuak murriztu dituzte azken boladan, eta COVID-19aren testuinguruan, gainezka daude ospitaleak", azaldu dute Iruñerriko, Hego Uribeko, Bilboko, Goierriko, Donostiako, Gasteizko eta Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek. Egoera horretan, gainera, "prebentzioa, medikuntzara bideratutako inbertsioa eta osasun langileen lan baldintzak indartu beharrean", agintarien neurriek beste norabide bat erakutsi dutela salatu dute: "neurri murriztaile eta errepresiboak hartu dituzte", ustez, "birusari aurre egiteko".

Osasun eremuko langileak kaleratzen ari direla ere seinalatu dute aipatutako Kontseilu Sozialistek, eta horri lotuta, "ohiko praktika bihurtu" direla gaur-gaurkoz lanean ari direnek jasan behar dituzten "lanordu amaigabeak". "Lehen mailako arreta zerbitzu gero eta gehiago ere ari dira murrizten", gaineratu dute gaurko protestetan.

Lerratze baten mugak

Osasungintzan gaur egun hain nabarmena den kolapsoaren harira, "osasun langileen eta baliabideen defentsa" egiten dute Kontseilu Sozialistek, gaurko protestetan azaldu dutenez. "Hori guztia, kalitatezko osasun sistema baten norabidean kokatu behar dugu", diote.

"Hori lortzeko", dena den, beharrezkotzat jo dute "osasunaren esparruan ere proletalgoaren eta dirudunen artean dagoen segregazioarekin bukatzea": "Izan ere, osasun sistema publiko eta pribatuaren artean dagoen banaketa, langileentzako oinarrizko zerbitzuen eta dirudunentzako medikuntza pribatu oparo, azkar eta efektibo baten artekoa da".

Mahaigaineratu dute, beraz, gutxienez bi muga dituela "osasungintza publikoaren defentsa egiteak". Batetik, azaldu dute "aberatsentzako eta langileentzako zerbitzu ezberdinak egon behar direla onartzea" dakarrela oinarri horrek, "egoera hori betikotuz". Bestetik, seinalatu dute "gaur egungo sistema kapitalistaren barnean" ez dagoela "ez dirurik ez interesik kalitatezko osasun publiko bat finantzatzeko"; "ez Mendebaldeko herrialdeetan, ez munduko leku gehienetan". "Publikoa zein pribatua enpresa farmazeutikoen interesen menpe daude eta eredu ekonomiko berari erantzuten diote", zehaztu dute.

Sozialismoa, kalitatezko osasun sistema baterako bermea

Gaurko protestak antolatu dituzten Kontseilu Sozialistek argitu dutenez, hortaz, horregatik guztiagatik uste dute sozialismoa eraikitzea dela "kalitatezko osasun baterako baldintza", osasungintza publikoaren defentsa egitea baino. "Horrela erakutsi du historiak, herrialde sozialistetan kalitatezko osasun zerbitzu unibertsalak existitu baitira", diote.

"Osasun langileen lan eta bizi baldintzen alde egingo dugu, hori medikuntza ereduaren eraldaketaren baitan kokatuta. Hori guztia, osasun sistema sozialista baterako norabidean egingo dugu, unibertsala eta kalitatezkoa izango dena", adierazi dute.

Baionan, larrialdiak doan

Baionako ospitale aitzinean izan da Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak gaurko antolatutako protesta. Aipamen berezia egin diote, gainera, Frantziako Estatuak ezarri berri duen neurrietako bati: urtea hasi zenetik, ordaindu egin behar da larrialdi-zerbitzuetan artatua izateko.

Hala, larrialdi-zerbitzuetarako sarrera doakoa izatea ere aldarrikatu dute gaurkoan Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideek. "Osasun krisi betean, langileria zerbitzuetatik kanporatzeko neurri argia hartu du Frantziako Estatuak: larrialdi-zerbitzuetan 19,61 euro ordaindu beharko dira. Mutuala ordaindu ezin duen proletalgoaren kapa apalenak hunkitzen ditu neurriak", esan dute: "Horrek, gizarteko sektore pobreenak larrialdietara gutiago joatea ekarriko du. Baliabide ekonomikoen araberako osasun aukera ezberdinak ukatea salatzen dugu".

"Neurri horrekin batera, burgesiaren kontrolpeko osasun sistemaren logika salatzen dugu", nabarmendu dute: "Biztanleria guztiarentzat bizi kalitate onena helburutzat ukanen duen osasungintza defendatzen dugu, eta horrek osasungintzaren sektorea, beste sektore guztiak bezala, burgesiaren kontrolpetik at antolatzea erran nahi du".


NO HAY COMENTARIOS