Eusko Jaurlaritzaren azken Soziometroaren arabera, osasun publikoarekiko kezka %7tik %35era igo da 2012tik 2024ra bitartean EAEn. Bide beretik, herritarren kexak urtean 30.000 izatetik (2017an) 50.000tik gora izatera (2024an) igaro dira. Zerbitzuen zein baldintzen okertzea begi-bistakoa izan da azken urteetan, eta protestak biderkatu egin dira ospitaleetan eta bestelako osasun-zentroetan.
ELA sindikatuak salatu berri du baliabide eta langile faltak ebakuntzak bertan behera uztera edo paziente berriak ezin onartzera eraman dituela Gasteizko (Araba) Txagorritxu Ospitalea, Gurutzetakoa (Barakaldo, Bizkaia) eta Mendarokoa (Gipuzkoa). Horrez gain, adibide batzuk ematearren, 2025eko urtarrilaren 7an eta 8an, Gurutzetako Ospitalean 28 paziente zeuden ospitaleratuak izateko esperoan baina plazarik lortu gabe, eta beste hemezortzi zeuden, berriz, korridoreetan lo egiten. Donostian (Gipuzkoa), larrialdietako itxaronaldiak zortzi ordukoak izatera iritsi dira egunero, urtea hasi zenetik.
2025eko urtarrilaren 7an eta 8an, Gurutzetako Ospitalean 28 paziente zeuden ospitaleratuak izateko esperoan baina plazarik lortu gabe, eta beste hemezortzi zeuden, berriz, korridoreetan lo egiten
Behargin faltak asistentziazko presio handiagoa dakarrela nabarmena dela salatzen dute ELAtik. Zentzu horretan, argigarria da Osakidetzako plantillaren %30 langile "osagarriak" izatea, eta zerbitzuen beharrari dagokionez hazkunde argi bat ikusita ere, Basurtukoa (Bilbo, Bizkaia) bezalako ospitaleetan, adibidez, ez dute langile kopurua handitu.
Itxaron-zerrendei dagokienez, azken sei urteetako kopururik altuenak ikus daitezke edonolako frogak egiteko itxaroten ari diren pertsonen artean; 2024ko abenduan 62.225 lagun zeuden egoera horretan, 2019an baino 2,06 aldiz gehiago. Joera bera da kontsulta bat edukitzeko itxaroten ari diren pertsonen kopuruan edo ebakuntza baten esperoan daudenen artean. Azken horiek, 2019ko itxaron-zerrendekin alderatuta, %28,28 eta %34,85 igo dira hurrenez hurren.
Azken sei urteetako kopururik altuenak ikus daitezke edonolako frogak egiteko itxaroten ari diren pertsonen artean; 2024ko abenduan 62.225 lagun zeuden egoera horretan