ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/11/16 11:01

EAJk okupazioaren aurka aurkeztutako emendakina ontzat emanda, Espainiako Diputatuen Kongresuan aste honetan adostu dute Prozedura Kriminalaren Legea aldatzea, "okupazioa gogorrago zigortzeko", Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak ohartarazi duenez. EH Bildu, PP, UPN, CC, ERC eta Junts alderdiek bozkatu dute emendakinaren alde.

Defentsa Komunitateak seinalatu du aldaketa horri esker "okupazioa prozedura azkarren bitartez" epaituko dutela, eta, horrekin, "klase jabedunarentzat, abandonatuta dauden higiezin okupatuak berreskuratzeko prozesua bizkortuko" dela, "klase desjabetuarentzat, defentsarako edo biziraupenerako aukerak murrizten diren aldi berean".

Langile-klasearen errealitatearen gordintasunari egin dio azpimarra Defentsa Komunitateak, hala: "Gehiengo handi batentzat, etxebizitza baten edo antolatu ahal izateko espazio baten beharrak jabetza pribatuaren ereduaren bidez bete ezin den behar bat izaten jarraituko du". Iritzi dio, gainera, "langile-klasearen premia horrek hazten" jarraituko duela, "jabeak pozik mantentzeko neurriak hartzen diren bitartean".

"Neurri hertsatzaile eta errepresiboen bidez horiek zuzentzen saiatzea txiroak kriminalizatzeko modu bat besterik ez da", salatu du Defentsa Komunitateak. Jakinarazi du lanean segituko duela "langile-klasea izan dadin bete etorkizuna zuzenduko duena", eta "alderdi instituzionalen fartsa borrokatzera" deitu du.

EH Bilduren "akatsa"

Emendakinari buruzko bozketan aldeko botoa eman ostean, EH Bilduk adierazi zuen "hutsegitez" babestu zuela okupazioaren kontrako neurria. Defentsa Komunitateak, baina, zalantzan jarri du hori: "Ez dugu bere gezurra sinesten".

Defentsa Komunitateak gogorarazi duenez, EAJk etengabe atera du mahaira orain onartu duten neurria, "okupazioa zigortzeko egin dituen saiakera guztietan", eta egoera hori baliatu izan du EH Bilduk horren kontra agertzeko eta "behartsuenen defendatzailearen pina jartzeko". Errealitatean, ordea, etxebizitza eskubideari eta eskubide politikoei zuzenean erasotzen dien neurri bat onartu du orain.

Jeltzaleek aurkeztutako emendakinaren justifikazioa argia da, garbi proposatzen baitu "ohiko etxebizitzan indarrez sartzearen eta ondasun higiezina usurpatzearen delituak Prozedura Kriminalaren Legearen prozedura azkarreko zerrendan sartzea". "Ez dago errore eta nahasmenerako tarterik", seinalatu du Defentsa Komunitateak.

"Ez dugu alderdi politiko instituzionalik onartzen langile-klasearen ordezkari gisa, ez EH Bildu, ez beste inor", azpimarratu du: "Alderdi politiko instituzional guztiek bat egiten dute jabeentzako politikak kudeatzearen ezaugarriarekin. Horrela ikusi da orain arte, eta berriro ikusi zen atzoko Kongresuko osoko bilkuran".

NO HAY COMENTARIOS