Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek aurreko larunbatean, martxoak 28, azaldu zuen "funtsezkoak ez diren jardueretako langileek" ez dutela lantokietara joan beharko, apirilaren 9ra arte behintzat. Dena den, dekretuaren barruan, Espainiako Gobernuak zerrenda luzea osatu du "funtsezko jarduerekin", eta bertan kokatu dituzte garbiketa-lanak ere.
Garbiketa derrigorrezkotzat jo arren, ez da bereizketarik egin martxan dauden guneen eta itxita daudenen artean. Hala, ehunka garbitzaile behartu dituzte itxita dauden zentroetara lanera joatera. Esate baterako, zarratuta egon arren, EHUko egoitzak nahiz bigarren hezkuntzako ikastetxeak garbitzera joan beharrean daude garbiketako beharginak.
Gainera, zein baldintzatan jarduten ari diren ere salatu dute langileek: ez dizkiete beharrezko babes eta segurtasun neurriak bermatu, eta berogailurik ere ez dute.
Grebaren ostean
LAB sindikatuaren arabera, Lakuako Hezkuntza Sailak "garbiketa zerbitzua ematen jarraitzeko agindu die kontratatutako enpresei", heziguneak martxoaren 13tik itxita dauden arren. Gogoan izatekoa da koronabirusak sortutako krisialdia hasi aurretik, grebaldi gogorrean murgilduta zeudela EAEko hezkuntza eremuko garbitzaileek. Hala ere, martxoaren 11n salatu zuten Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zizkiela, greba eskubidea urratuz, gainontzeko "langileei etxetik lan egiteko aholkua ematen" zien bitartean.
LABen arabera, egun, gutxienez ondorengo ikastetxeetan derrigortu dituzte garbitzaileak lanean jarraitzera Bizkaian: Gurutzeta BHI (ISS enpresa), Uribe Kosta BHI (ISS), Balmaseda BHI (ISS), Erandio LH (ISS), Gernika BHI (Zaintzen), Bermeo HEO (Zaintzen), San Mameseko fakultatea (Garbialdi) edo Leioako kanpusa (OHL), besteak beste. Gipuzkoan, BHI Azkoitia (ISS), Batxiler Azkoitia (ISS), Altza (Garbialdi) eta Iparragirre Zumarraga-Urretxu (ISS) eta Araban, Aniturri BHI, Murgia BHI, Ekialde DBH, Mendebaldea BHI eta Jesus Guridi musika kontserbatorioan.
Arabako zentro guztietan eskaintzen du zerbitzua ISS enpresak.