AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/03/29 11:28

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo, martxoak 28, jakinarazi zuen Ministroen Kontseiluan gaur onartuko duten neurri berria: "funtsezkoak ez diren jardueretako langile guztiek etxean geratu beharko dute datozen bi asteetan". Beraz, alarma egoeraren barruan, bihartik aurrera "funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoa" eteteko agindu du Espainiako Gobernuak, gutxienez, apirilaren 9ra arte.

Sanchezen arabera, "baimen ordaindua" izango da; enpresek "normaltasunez" ordainduko diete soldata langileei. Lantegiak berriro martxan jartzean, ordea, beharginek "berreskuratu" egin beharko dituzte datozen egunei dagozkien lan-ordu guztiak. Gainera, aurreikuspenen arabera, lantoki ugaritan behartuko dituzte langileak dagozkien oporraldi ordainduak aurreratzera eta orain hartzera.

Zerrenda luzea

Ondorengo jarduerak jo ditu "funtsezkotzat" Espainiako Gobernuak: medikuak, erizainak eta osasun langileak; farmaziak; segurtasun indarrak; janarien, edarien, produktuen eta premiazko lehengaien denda txikizkariak; optikak eta ortopedia-produktuak; higiene-produktuak; prentsa eta papertegia; ibilgailuentzako erregaia; tabako-dendak; bidaiarien eta merkantzien garraioa; komunikabideak; animalientzako janariak; tindategiak eta garbitegiak; telekomunikazioen operadoreen konponketa eta mantenu lanak, datuak prozesatzeko zentroak eta instalatzerako telekomunikazio-enpresak; garraio sareen datuak, operazioak eta mantenuak kudeatzeko langileak, hau da, argindarra, gasa eta ura banatzeko enpresak eta energia sortzen duten enpresak; suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lanak; lantegi petrokimikoak, elektrikoak edo nuklearrak; itsas-salbamendua eta segurtasuna; gasolindegiak, portuak eta aireportuak; tren-azpiegiturak eta errepideak; eta nekazal, haragi eta arrantza-produktuak prozesatzeko lantegia. Sektore horietan, beraz, martxan jarraituko dute beharginek.

Confebask eta EAJ, haserre

Espainiako Gobernuaren erabakiak piztu du erreakziorik gurean. EAJ, esaterako, "harrituta" agertu da, eta adierazi du ez zaiola "oso zuzena" iruditzen "erabakia nola hartu den". Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburuak aste honetan bertan esan du Eusko Jaurlaritza ez dela ekoizpena etetearen aldekoa: "Jarduera ekonomikoa etenez gero, egoera horretatik ateratzeko denbora luzea beharko dugu".

Bestalde, Confebask Euskal Enpresarien Konfederakuntzak eta hura osatzen duten Adegik, Cebekek eta Seak azaldu dute "oso arduragabea eta ondo pentsatu gabekoa" iruditzen zaiela Espainiako Gobernuaren erabaki berria. Jarduera ekonomikoa nolabait geratzeak "krisi soziokonomikoa areagotu" egingo duela diote.

Duela hainbat egun, "ahalik eta jarduera gehienari eusteko" "agente sozialen arteko paktu sozial" bat eskatu zuen Confebaskek.