O23ari buruzko artxiboak desklasifikatu dituzten egun berean hil da Tejero kolpista
— ARGAZKIA EP

Antonio Tejero Molina, Guardia Zibileko teniente koronel ohia, atzo hil zen. 93 urte zituen, eta Alziran (Valentzia) bizi zen. 1981eko otsailaren 23an huts egindako estatu-kolpearen sinbolo bihurtu zen Tejero, pistola bat eskuan zuela sartu baitzen egun hartan Espainiako Kongresura, eta Pedro Sanchezen gobernuak kolpe horren inguruko 153 dokumentu desklasifikatu zituen egun berean zendu da. Artxibo horiek 45 urtez egon dira ezkutuan.


Tejero familiaren abokatuak eman zuen atzo heriotzaren berri, eta bere semeetako batek baieztatu zuen ohar batean: "Min handiz jakinarazi nahi dizuet gaur, 2026ko otsailaren 25ean, nire aita bere seme-alaba guztien ondoan hil dela, azken sakramentuak eta Leon XIV.aren bedeinkazioa jaso ondoren".


Tejeroren kolpeak hemezortzi orduz eduki zituen bahiturik Kongresuko diputatuak eta Espainiako Gobernua, Leopoldo Calvo-Soteloren inbestidura saioa egiten ari ziren bitartean. Hemizikloko sabaira egindako tiroak eta teniente koronelaren oihuak ("¡Se sienten, coño!") memoria kolektiboan grabatuta geratu ziren. Beste 32 pertsonarekin batera epaitua, 30 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten matxinada militar bat burutzeagatik, Jaime Milans del Bosch eta Alfonso Armada jeneralekin batera, hiru gauzatzaile materialetako bat izatea leporatuta. Hainbat eremu militarretan bete zuen "zigorra", gehienbat Figueresko gazteluan (Girona), eta baldintzapeko askatasuna lortu zuen 1996an, hamabost urte eta bederatzi hilabeteko espetxealdiaren ostean.


Behin-behineko kartzelaldian zegoela, alderdi politiko bat sortu zuen Tejerok, Solidaridad Española, 1982ko hauteskunde orokorretara aurkeztu zena. ¡Entra con Tejero en el Parlamento! lelo esanguratsua erabili zuen kanpainan, eta 28.451 boto lortu zituen, %0,14. "Kartzelatik" irten ondoren, pinturari eskaini zion denbora gehiena kolpistak, politikarekiko interesa mantenduz. 2012an Artur Mas salatu zuen "konspirazioagatik eta sediziorako proposamenagatik", eta 2023an gauza bera egin zuen Pedro Sanchezen aurka, EH Bildurekin, EAJrekin, Esquerra Republicana de Catalunyarekin eta Juntsekin inbestidura negoziatzean "Espainiari traizioa" egin ziolakoan. Bere azken agerraldi publikoetako bat 2019ko urrian izan zen, Mingorrubioko hilerrira joan zenean Francisco Franco diktadore faxistaren gorpuzkiak berriro hobiratzeko saiora. La Vanguardia egunkariak gogoratzen duenez, polizia-lerro bat gurutzatzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.


Tejeroren heriotza estatu-kolpearen 45. urteurrena baino bi egun beranduago gertatu da. Urteurren hau kolpeari buruzko artxiboen argitaratzeak markatu du, eta agerian geratu dira hainbat informazio: CESIDeko sei agentek parte hartu zutela kolpean, CNIk sinesgarritasuna eman ziela Juan Carlos I.a erregeak Milans del Boschekin epaiketaren aurretik "isilpeko elkarrizketak" izan zituela zioten zurrumurruei, eta abar. Gainerakoan, oraindik ez da mahai gainean jarri estatu-kolpe saiakerari buruzko bertsio ofiziala ezeztatu edo zalantzan jar zezakeen beste zantzurik. El Español-ekin 2023an izandako elkarrizketetan, koronel ohiak "gauzak bere lekuan jarriko dituen gobernu militar bat" gustatuko litzaiokeela esan zuen, eta kondenatu nagusien artean bizirik jarraitzen zuen bakarra zen jada, 1997an Milans del Bosch eta 2013an Armada hil ondoren.