Arrazakeriaren eta faxismoaren aurkako agerraldi bat egin zuten atzo Zizur Nagusiko (Iruñerria, Nafarroa) gazte ugarik. Izan ere, tutoretzapean dauden adingabe migratzaileentzako etxebizitza bat dago herrian, eta hori aitzakiatzat hartuta, gazte etorkinen aurkako kriminalizazio-kanpaina bati ekin dio Vox alderdi faxistak. Bada, gorrotozko mezu horiei kontra egitera eta "amua ez irenstera" deitu zuten gazteek atzoko prentsaurrekoan: "Diskurtso horiei aurre egiteko erantzukizuna dugu, erreakzioaren indartzea eta hedapena moztuz".
Azkenaldian, "panfleto sentsazionalista eta kriminalizatzaileak" banatu dituzte Zizurren aipatutako etxeko adingabeak seinalatzeko, eta arrazakeriaren aurkako propaganda erasoturik agertu da kaleetan. Horrez gain, "agitatzaile faxista baten probokazioak" jasan behar izan dituzte herrian. "Gertakari isolatuak izatetik urrun, duela gutxi Nafarroako hainbat udalerritan gertatu bezala, intentzionalitate argia adierazten dute: erreakzioa indartzen ari den testuinguruan, gorroto eta indarkeria giroa sortu nahi dute, urteak behartsu eta migratzaile izaten daramatzan gizarteko sektore baten gainean diana jartzen duen diskurtso baztertzailea indartuz. Voxek bere diskurtso faxista, arrazista eta klasista normalizatzeko eta zabaltzeko sortu eta aprobetxatutako egoera da", salatu zuten atzo agerraldian elkartutako pertsonek.

"Migrazioari egotzi nahi diote miseria-egoeraren errua"
Ohartarazi zutenez, diskurtso faxistek migrazioari leporatu nahi diote "miseria-egoeraren errua" hala nola "pobretzea, etxebizitzaren kostu handiak edo bizitzaren garestitzea"; eta "kaleetako segurtasun ezaren areagotzea" ere etorkinekin lotu nahi dute. Baina ideia horiei aurka egin diete Zizurreko gazteek: "Ez dugu horrelako gorroto-diskurtsorik onartuko, ez Zizurren ez inon. Krisi kapitalistaren testuinguru baten aurrean, ez gara gure egoeraren errudunak langile-klaseko beste sektore batzuk direla pentsatzearen tranpan eroriko".
Eta gaineratu zuten: "Faxismoak indartu egiten du muturreko gizarte-bazterketa egoeran daudenek zigortzea eta gizartetik kanporatzea merezi dutelako ideia, errealitate horretara bultzatzen dituzten egiturazko baldintzak alde batera utzita. Testuinguru horretan, arrazakeriak funtzio politiko zehatza betetzen du: gizarte-arazoak pertsona jakin batzuen jatorriari egoztea, pobrezia eragiten eta iraunarazten duten egiturazko faktoreak aztertu beharrean". Modu horretan, diskurtso faxistek "langileoi eragiten diguten arazo larrienen erantzukizuna gizarteko sektore behartsuenaren eta ahulenaren bizkar jartzea" bilatzen dutela gogorarazi zuten.
Ikuspegi horri kontra eginez, beraz, "langile-klasearen indarra batasunetik eta antolakuntzatik datorrela" aldarrikatu zuten atzokoan, eta mezu faxisten hedapenari irmotasunez erantzutera deitu zuten. "Elkarrekin borrokatuz bakarrik egin ahal izango diogu aurre faxismoaren gorakadari, pobretzeari, etxebizitzaren problematikari, estatuen autoritarismoari, militarizazioari edo langileen bizitzari zuzenean eragiten diguten beste arazo batzuei".