ACTUALIDAD / Libertades políticas
Antifaxismoaren aurkako erasoaldia salatzeko, manifestazio bat antolatu du biharko Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ezek
Aurreko asteko sarekadaren ondoren, errepresioaren aurka klase-elkartasuna antolatzera deitu du plataformak, eta mobilizazio-deialdi bat egin du biharko: 19:00etan hasiko da Errotxapeko Maiteminduen Plazatik.
2026eko ekainaren 12 - 06:24
Antifaxismoaren aurkako erasoaldia salatzeko, manifestazio bat antolatu du biharko Iruñerriko Antifaxistei Zigorrik Ezek

"Errepresioaren eta edozein adierazpen faxistaren aurka mobilizatzen jarraitzeko deia" luzatu du Iruñerriko Antifaxisten Aurkako Zigorrik Ez plataformak, eta manifestazio-deialdi baten eskutik egin du hori: bihar, arratsaldeko 19:00etan, "auzipetutako antifaxista guztiei elkartasuna adierazteko" mobilizazio bat egingo du, Errotxapeko Maiteminduen Plazatik hasita.

Gainera, faxismoaren aurka mobilizatzeagatik Iruñerrian zigortuak izaten ari diren pertsonekin elkartasunez, hainbat ekimen jarri dituzte martxan plataformatik: egitarauak udari begira, diru-bilketak, materialen salmenta...

Iruñerriko Antifaxisten Aurkako Zigorrik ez, klase-elkartasuna ehuntzeko plataforma berri bat

Mugimendu antifaxistaren aurka zabalik dauden hamaika prozesu judizialetan auzipetutako pertsonek sortu dute Iruñerriko Antifaxisten Aurkako Zigorrik Ez, "klase-elkartasunerako tresna" modura, eta maiatzean aurkeztu zuten. Hainbat helburu nabarmendu dituzte; "errepresio-kostuei eta antifaxismoaren kriminalizazioari aurre egitea" eta "faxismoaren hedapena eragotziko duen borrokaren jarraipena bermatzea" batik bat. "Aipatutako kasuengatik errepresioa jasan duten guztiak plataforman antolatzera gonbidatzen ditugu, eta horretarako gure sare sozialen bidez harremanetan jar zaitezkete", argitu zuten atzo plataformako kideek.

Aurreko asteko sarekada eta Marlaskaren adierazpenak

Plataformak atzo gogorarazi zuenez, aurreko astean 28 lagun atxilotu zituzten, iaz, Vito Quilesen aurka mobilizatzeagatik. Jende gehiago ere deitu dute deklaratzera arrazoi berdinagatik: "Auzipetuen kopuruak gora egiten jarrai dezake".

Horiek horrela, zorrotz seinalatu zuten agerraldian: "Operazio berri hori maniobra mediatikoa izan zen, gazteria antifaxista kriminalizatzeko [...].  Nola uler dezakegu bestela egun osoko makrosarekada, atez ate eta lanez lan? Atxilotutako pertsona asko lanpostuetan zeudela eraman zituzten atxilo". Bereziki larritzat jo zuten hainbat ikasle euren ikastetxeetan edo Selektibitatea egiteko atarian atxilotu izana.

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskaren azken adierazpenak kritikatu zituen gainera plataformak, Iruñeko operazio poliziala "eredugarria" izan zela esan baitu aste honetan. "Bere poliziek argi erakutsi zuten atxiloketek ez zutela justifikaziorik, eta kolpe mediatikoa eta arbitrariotasuna zutela helburu", seinalatu zuten atzo Antifaxisten Aurkako Zigorrik Ezetik. Antza denez, polizia batek atxilotuetako bati esan zion "paripe bat" zela sarekada, eta bigarren batek, berriz, "bikotekidea ere atxilotu zezaketela" azaldu zion beste atxilotu bati. "Akusazio guztiak mobilizazio batean parte hartzean oinarritzen dira", gaineratu du plataformak: "Ohikoa da polizia mota guztietan atxiloketa arbitrarioak egitea, eta dozenaka pertsonek akusazio faltsuak gezurtatu behar izaten dituzte, baita epaiketa eta kostu errepresiboei aurre egin ere".

Errepresioaren zerrenda luzea Iruñerrian

Atzoko agerraldian ohartarazi zuten, bestalde, "azken urtean izan den zerrenda luzeari gehitzen" direla aurreko asteko gertakariak. Hainbat kasu ekarri zituzten gogora: "Azken 28 antifaxistez gain, beste zazpi pertsona atxilotu zituzten auzi beragatik; urriaren 12an Iruñerriko hiru pertsona atxilotu zituzten Gasteizen Falange espainolari aurre egiteagatik; beste 20 pertsona ikertzen ari dira Voxek Errotxapean, Berriozarren eta Beriainen egindako probokazioen aurrean isilik ez egoteagatik; eta bi ikasle salatu zituen Voxek propaganda politikoa egiteagatik. Guztira 60 pertsona epaitu eta erreprimitu dituzte".