Benjamin Netanyahu Israelgo Estatuko lehen ministroak babes publikoa adierazi dio Israel Premier Tech txirrindularitza-taldeari, Espainiako Vueltako mobilizazioen erdian. Taldeak egindako "lan handia" nabarmendu du, lehiaketa baldintzatu duten Palestinaren aldeko protestek sorturiko "gorrotoaren eta intimidazioaren aurrean amore eman ez izana" eskertuz. Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Netanyahuk taldearen jabea, Sylvan Adams enpresaria, zoriondu du: "Israel harro egotea eragiten ari zarete".
IPTren parte-hartzearen aurkako boikot aktiboak estutasun batean jarri du sionismoaren irudia nazioartean. Dana Erlichek, Israelek Espainiako Estatuan duen enbaxadako negozio-arduradunak, esan du "gorrotoa bultzatzea" bilatzen dutela protestek, eta salatu du "talde israeldarraren aurka ikusi zena ez dela politikoa, ez dela bakerako deia; herrialde bat suntsitzeko deia baizik". Dan Poraz Israelgo ordezkariak gaineratu duenez, "hau ez da protesta bat; kirolariak izutzeko saiakera bat da". Adierazpen horiek agerian uzten dute ordezkaritza sionistan dagoen tentsioa.
Boikotak lortu duen legitimitatea hain handia izan denez, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak taldea lehiaketatik kanporatzearen "alde" agertu behar izan du, Israelgo Estatuari "mezu bat bidaltzeko beharra" argudiatuta, "Ukrainaren inbasioaren ostean Errusiari bidali zitzaionaren antzekoa". Hala ere, Espainiako Estatuko agintaritzek, eta bereziki Espainiako Gobernuak, Errusia kirol-lehiaketetatik kanporatzea eskatu zuen 2022an bertan, eta Israelgo Estatuarekin, berriz, jarrera askoz ere atseginagoa izan dute, herritarrak Vuelta aktiboki sabotatzen hasi diren arte.
Bien bitartean, Sylvan Adamsek (Netanyahurekin adiskidetasun pertsonala du) adierazi du IPTk ez duela "inoiz Israelen izenik gabe korrituko", eta Nazioarteko Txirrindularitza Batasunaren babesa dutela lasterketan jarraitzeko. IPTren presentziak erakutsi du Vueltaren 80. edizioa izaten ari dela bere historia hurbileko politizatuenetako bat, kirol-eremutik harago eragin handia izaten ari dena. Palestinaren aldeko mugimendu eta analista batzuek diotenez, Vueltako azken gertaerek aurrekari garrantzitsua ekar lezakete nazioarteko kirol-lehiaketa eta ekitaldi gehiagotan.