Palestinaren askatasunaren alde, mobilizazio ugari antolatu dituzte Euskal Herrian datozen egunetarako. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) ere deitu du mobilizatzera, Israelen eta bere Mendebaldeko konplizeen aurka lelopean: lekuan lekuko Kontseilu Sozialistek protestak egingo dituzte maiatzaren 15ean, Nakba Egunean.
Estatu sionista terroristaren kontra eta sionisten konplizeen kontra, hainbat eta hainbat eskualdetan antolatu dituzte mobilizazioak tokian tokiko Kontseilu Sozialistek; hala nola, Zumaian (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Irurtzunen (Nafarroa), Hondarribian (Gipuzkoa), Hernanin (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia), Garesen (Nafarroa), Galdakaon (Bizkaia), Eibarren (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Beasainen (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Arrasaten (Gipuzkoa). Kontseilu Sozialista bakoitzak bere sare sozialen bidez eman du deialdi zehatzen berri.
Hainbat herritan, bestalde, lekuko Gazte Koordinadora Sozialistak deitu du Nakba Egunean mobilizatzera, EHKSk erabilitako lelo berdina bere eginda. Aiaraldeko GKSk Laudion (Araba) egingo du protesta bat, Mendialdeko GKSk Elizondon (Nafarroa), eta Meatzaldeko GKSk Ortuellan (Bizkaia).
Beste hainbat mobilizazio deialdi
Horretaz gain, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat herritan maiatzaren 14rako nahiz 15erako antolatu diren beste mobilizazio batzuetan parte hartzeko deia ere egin du EHKSk; hain zuzen ere, Israeli Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak (BDZ) plataformak eta Palestinarekin Elkartasuna plataformak egin dituzten deialdietan.
BDZk maiatzaren 14rako deitu du protestara Iruñean (Nafarroa), eta 15erako Donostian (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba). Palestinarekin Elkartasunak, berriz, hilaren 15erako prestatu ditu mobilizazioak Altsasun (Nafarroa) eta Lizarran (Nafarroa).