Nafarroako Gazte Koordinadora Sozialistak martxo amaieran jakinarazi zuen Nafarroako Topaketa Sozialistak antolatu dituela apirilerako. Hain zuzen, larunbat honetarako jarri dute hitzordua Garesen (Nafarroa), eta egun osorako egitaraua prestatu dute.
10:30ean emango diete hasiera topaketei Garesko frontoian. 11:00etan hitzaldia egingo dute frontoian bertan, eta "gazte esparruko erronka estrategikoen" inguruan hausnartuko dute GKSko kideek.
Horren ostean, kultur eskaintza zabala izango da: eguerdian bertso saioa eskainiko dute Ainara Ieregik eta Ekain Alegrek, eta arratsaldeko aurreneko orduan kantaldia izango da Urko Milagroren eskutik. Osasun-etxearen azpiko aterpean egingo dituzte bi saioak. 17:30ean hasita, aldiz, bi kontzertu izango dira Zubiurrutia parkean: hain zuzen, Leizeak eta J Martina taldeak ariko dira.
Aforo mugatua izango dela azaldu du GKSk, eta sarrera eskuratu nahi dutenek ondoko helbidera idazteko aukera dute: topaketaknaf@gmail.com. 7 euro balio du sarrerak.