ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/01/27 18:42

Gaur, hilak 27, urtarrilaren 30erako deitua dagoen greba orokorrarekin bat egiten duela adierazi du Ikasle Abertzaleakek, ohar baten bidez. Greba egitera eta zenbait mobilizaziotan parte hartzera dei egin dio Euskal Herriko ikasleria langileari. "Langile sektore ezberdinen arteko lankidetzarako baldintzak sortzea", "ikasle langileen aldarrikapen eta problematikak sozializatzea", eta "antolakuntzarako ateak irekitzea" jo ditu helburu nagusitzat IAk.

Hala, zenbait mobilizazio elikatzeko deia luzatu du greba egunerako, esaterako, Ikasle Abertzaleakek deituta, goizeko lehenengo orduan Gasteizko (Araba), Leioako (Bizkaia), Bilboko (Bizkaia) eta Donostiako (Gipuzkoa) campusetan zein Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan egingo diren piketeak. Bestalde, eguerdian zehar Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo diren manifestazioei babesa adierazi diete IAko kideek. Ondorengo lemak oinarri antolatu diren blokeetara batzera dei egin du, hain zuzen: Ofentsiba kapitalistaren aurrean, langile batasuna Donostian; Langileon interesen alde, klase batasuna Bilbon; Ofentsiba kapitalistaren aurrean, langileok haustura politikoa Gasteizen; eta Proletalgoa grebara Iruñean. Gazte Koordinadora Sozialistak ere babesa adierazi die deialdi horiei.

Ikuspegiak

Greba babesten duten eragileen artean "ikuspegi eta proposamen politiko ezberdinak" daudela azpimarratu du IAk. Batetik, "greba eta langile borroka paktu soziala berreraikitzeko indar gisa erabili nahi duen ikuspegi politikoa" identifikatu dute, eta bestetik, "langile borroka Euskal Estatu Sozialista eta Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntzarako indar gisa egikaritu nahi duen ikuspegia". Azken horretan kokatu du bere burua IAk; izan ere, ikuspuntu politiko hori jotzen du langileriaren ongizaterako berme bakartzat, krisiak eragindako haustura sozioekonomikoaren testuinguruan. Ikas eta lan baldintzen alde sortzen ari diren dinamikek, "langile batasuna eta Euskal Estatu Sozialista" elikatu behar dituela uste dute ikasle antolakundekoek.

"Borrokarako hautua egitea" eta "langile batasuna gorpuzteko pausoak ematea" ezinbestekoa dela dio IAk. Helburu horri jarraiki eta "krisi kapitalistaren ondorioei erantzunez" berretsi du grebara batzeko erabakia, "ikastetxeetako eta unibertsitateetako hainbat borroka prozesuren parte" den heinean.

Krisia hezkuntzan

Hezkuntzaren esparruan, azken urteetan krisi ekonomikoaren eraginak "modu nabarian" aurkitzen direla dio Ikasle Abertzaleakek. Bizitzeko beharrezkoak diren gutxieneko baldintza ekonomiko eta sozialak lortzeko eskatzen den ikasketa maila "gero eta altuagoa" dela azaldu du; ondorioz, belaunaldiz belaunaldi ikasketa prozesua "gero eta luzeagoa da".

Maila altuko ikasketekin "etorkizun egonkor bat bermatua ez izatea" eta "ikasketa prozesuaren kostuak gero eta handiagoak" izatea ere salatu dute. Unibertsitateko tasen, ikasle pisuen, garraio kostuen eta ikasketa materialaren prezioek "garestitzen jarraitzen dute", langile familien erosteko ahalmena "modu berean hazten ez den bitartean".

Erreformaren ondorioak

Ikasketen edukiaren "kalitatearen kaskartzeaz" eta langile sektore gero eta zabalagoa "ikasketa prozesutik kanporatzeko joeraren" existentziaz ere ohartarazi dute IAko kideek. Euskal Herriko hainbat hezigunetan "hezkuntza segregazioaren fenomenoa" da haien ustez horren adierazpen gordinenetakoa, Bigarren Hezkuntzako "ikastetxe publiko eta pribatuen arteko banaketan" nabarmentzen dena, zehazki.

Hezkuntza eremuko langileria

Hezkuntzaren arloko proletalgoaren lan baldintzetan krisiak izan duen eragina ere mahaigaineratu dute. Unibertsitateko garbitzaileen "urteetako borroka duina" eta "ikerlarien egoerari lotutako aldarrikapenak" adierazle argienak izan daitezke, IAren esanetan.