ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/06/22 21:11

Zer da Miseriaren adarrak?

Aitor Tatiegi: Bertso-saio bat da, finean. Ekida Arte Ekimen Sozialistaren bidez antolatu dugu hainbat bertsolarik, Mugimendu Sozialistaren bueltakoak eta garaiari eta bertsolaritzari buruzko asmoak eta kezkak konpartitzen ditugunak. Hala ere, proposamena edozeinentzakoa da. Saio honekin zirkuitu bat osatu eta bertso-plaza hauspotzea eta bertsolariei kanturako aukera ematea bilatzen dugu, horretarako gu geu antolatuta. Gainera, musikari talde batekin batera osatu dugu saioa, eta bat-bateko bertsoez gain bertso musikatuak, bertso jarriak eta bestelakoek ere lekua izango dute. Formatu arinxeago hori edozein girotara eramateko modukoa izan dadin eta entzutera datorren edozeinentzat ere izan dadin.

Saioari jarritako izenak berak ere erakusten ditu asmo batzuk.

Gorka Pagonabarraga: Xenpelarren bertso ezagun batzuetatik hartu dugu izenburua. 1867an, trenbidea eraiki osteko pobreziari jarri zizkion bertsoak: "Miseriaren adarrak / dauzkat hitz egin beharrak / eragin ditzadan farrak". Gauza nabarmena da gaur egun krisi kapitalista betean gaudela, jendea azkar ari dela pobretzen, prezioak gora eta soldatak behera doazela... Xenpelarren bertsoek ere garai batean ondo bizi, horretara ohitu, eta pagotxa bukatuta pobretu egin den jendearenak kontatzen dituzte, eta gaur egunerako modukoak iruditu zaizkigu.

"Miseriazko garaiak bizi ditugu, horrek asko kezkatzen gaitu eta gutako asko egoera horrek mugituta ari gara borrokan. Nahi genuen ardura hori bertsotara eraman"

Aroa Arrizubieta: Alde batetik, egungo garaiari kantatzeko asmoa erakusten du izenburuak. Miseriazko garaiak bizi ditugu, horrek asko kezkatzen gaitu eta gutako asko egoera horrek mugituta ari gara borrokan. Nahi genuen ardura hori bertsotara eraman eta saioa gidatuko zuen abiapuntu moduan hartu miseriak dituen hainbat adarri kantatzea. Uste dugu bertsoa ere izan dela eta izan daitekeela tresna politiko bat egungo egoeran eragiteko. Baina kantutik, bertsotik, umoretik ere nahi diogu heldu garaiari, adarra joz, erridikulizatuz... Hortik Miseriaren adarrak. Gainera, izenburutik bertatik bertso zahar batzuk aipatzeak tradizioaren ideia ere ekartzen zuen, eta hori interesgarria zen guretzat.

Tradizioa ere kontuan hartzen duzue, beraz.

A. A: Tira, definizioz, ezinezkoa da tradizioa kontuan hartu barik gaur egungo jarduna ulertzea. Ez bertsolaritzan, ez gainontzeko arte jardueretan, ezta bizimoduan ere, orokorrean. Gu baino lehenago bizi izan direnen mendez mendeko jardunak osatzen ditu tradizioak. Esan liteke, nolabait, tradizioak artistok gaur egiten dugunaren eta egin nahi dugunaren oinarri artistikoak ipintzen dituela. Gero badago tradizioaren beste adiera bat, noski, arte diziplina bakoitzean aurretik egindako artelanek osatzen duten errepertorio edo corpusari dagokiona.

G. P: Bertsolaritzaren kasuan bertso zaharrak deitzen ditugunak, bertso jarriak eta bertso-paperak dira errepertorio horren parte agerikoena. Baina ikuspegia pixka bat zabalduz gero, hor daude baita ere bertso eta kanta anonimoak, kopla zaharrak, ahoz aho transmititu direnak... Tradizioa osatzen duen errepertorio hori ez da ez estatikoa eta ez neutroa. Hautespen baten ondorioz finkatu da horrela eta hautaketa horrek interes batzuk ditu beti. Adibidez, guri interesatzen zaigu aztertzea bertsoaren tradizioa ez dela bat eta bakarra euskaraz eta bertsotan eman delako soilik, baizik eta badagoela, esaterako, klase baxuko jendearen eta borroka politikoaren tradizio bat, guk berreskuratu nahi duguna.

"Tradizioa osatzen duen errepertorio hori ez da ez estatikoa eta ez neutroa. Hautespen baten ondorioz finkatu da horrela eta hautaketa horrek interes batzuk ditu beti"

A. T: Gaurkorako balio digun heinean inporta digu tradizioak. Ez kontserbadurismoagatik edo tradizionalismoagatik, hortik ere badagoelako. Tradizioa interesatzen zaigu artistikoki, historikoki, politikoki... Baina ditugun asmoetarako erabilgarria eta aberasgarria delako, eta jakinda etengabe berritzen den zerbait dela.

Bertsolaritzaren egoerari dagokionez, zein garaitan hartzen du lur proposamen honek?

A. T: Aspalditik asko hitz egiten da bertsolaritza aldatzen ari dela, baina uste dut iazko Txapelketa Nagusia izan zela inflexio-puntu bat aldaketaren irudi eta diskurtso hori finkatzeko. Jakina, aldaketak lehenagotik zetozen. Uste dut, modu orokor batean, naziotasunaren eta gatazkaren ideia zabal batzuek gidatu zuten etapa batetik gatozela, eta orain ikusten dugula ideia horiek hegemonia galdu dutela nolabait.

"Uste dut, modu orokor batean, naziotasunaren eta gatazkaren ideia zabal batzuek gidatu zuten etapa batetik gatozela, eta orain ikusten dugula ideia horiek hegemonia galdu dutela nolabait"

Euskal Herrian orokorrean ere gertatu da hori nabarmen eta bertsolaritzak ematen du horren isla. Ez dut uste, ordea, hegemonia batetik beste batera pasatu garenik bertsolaritzan. Aldaketak askotarikoak dira: estetikoak eta formalak, generozkoak, belaunaldizkoak, ideologikoak... Esan izan da dibertsifikatu egin dela bertsolaritza, "bertsolaritzez" pluralean hitz egin du inork. Garai interesgarriak dira.

A. A: Guk ere aldaketa-garai horren parte sentitzen dugu geure burua, eta modu positiboan ikusten dugu giro hori. Plazetan, txapelketan, sariketetan gabiltza gu ere, eta ondo dakigu zenbat kostatzen den aldaketak gertatzea. Belaunaldi-aldaketa, emakume bertsolarien presentzia... ondo kostatzen ari zaizkigu oraindik.

G. P: Eta badakigu aldaketak ez direla naturalki gertatzen. Sustatu egin behar dira. Bakoitzak beretik egin beharko du eta hainbat gara plazetan ari garen Mugimendu Sozialistako bertsolariak ere, eta aldaketa horien guztien parte garenak. Aldaketa-giro da bertsolaritzan, eta guk geuretik egin gura dugu ekarpena hor.

Saioak zein ekarpen egin dezakeela uste duzue?

G. P: Bertso plazetan badago, nahi edo ez nahi, zirkuitu hegemoniko bat, eta guk horrekiko alternatiban ulertzen dugu gure proposamena. Edonorako formatua bilatzen dugu, ez soilik areto eta jaialdietarakoa, baita festa girorakoa, kalerakoa, Gaztetxeetarakoa, tabernetarakoa... Badago baita ere hainbat bertsolari astebururo-astebururoko zirkuitu hegemoniko horretatik kanpo samar gelditzen direnak. Guk Miseriaren adarrak saioarekin zirkuitu bat osatu nahi genuke bertsolari horiek guztiek ere kanturako espazioa izan dezaten.

"Bertso plazetan badago, nahi edo ez nahi, zirkuitu hegemoniko bat, eta guk horrekiko alternatiban ulertzen dugu gure proposamena"

A. A: Bertsolari gazteok, esaterako, ez dugu erraza izaten saioak lortzeko sariketez eta txapelketez aparte. Txapelketak ere, herrialdekoek eta Nagusiak, gero eta parte handiagoa betetzen du bertsolaritzan, eta bertsolariak plazetarako legitimatzeko organo nagusia bilakatu da. Txapelketen arabera ezartzen da askotan bertsolarion balioa eta hurrengo urteetan izango dugun saio kopurua. Guk sariketez eta txapelketez aparteko aukera bat eman nahi dugu, gu geu antolatuta eta bestelako irizpide batzuen arabera jardunda.

A. T: Horretaz guztiaz aparte, nahi genuke saio honek balio izatea bertsoa publiko berrietara ere gerturatzeko. Garaiari kantatzeko asmoak, aretoetatik kanpora ateratzeak, musikarien presentziak... jende berria bertsozaletzeko ere balio dezakeela uste dugu.

Dagoeneko aurkeztu dituzue saio batzuk.

A. A: Bai. Udarako antolatutako saio batzuekin aurkeztu dugu proiektua. Festa girokoak dira asko, areto modukoagoak beste batzuk... Denetik dago. Formatua bera probatzeko ere balioko digu.

G. P: Ekainaren 25ean eta 29an Zarautzen eta Zaldibian izango gara. Uztailaren 5ean Gernikako Astran, 17an Baionan eta 20an Eskoriatzan. Abuztuaren 23rako Bilboko Aste Nagusiaren barruan antolatu dugu saioa.

A. T: Eta oraindik ere etorriko dira gehiago, udan eta hortik aurrera ere. Animatu dadila jendea entzutera eta ikustera, eta ea zer harrera duen.

NO HAY COMENTARIOS