Astearte honetan erabaki du Italiako Ministroen Kontseiluak "migrazio larrialdi egoera" ezartzea, sei hilabeterako gutxienez. Dena den, gobernuak oraindik ez du xehatu zeintzuk izango diren neurri horren ondorio zehatzak, ez eta zein diren esku artean dituen planak ere. Italiako autoritateek emandako datuen arabera, azken egunetan 3.000 pertsona migratzaile baino gehiago saiatu dira herrialde horretara heltzen, Mediterraneoa gurutzatuta. Migrazio-fluxu horri aurre egiteko ezarri omen dute larrialdi egoera.
Giorgia Meloni buru duen gobernuak 5 milioi euroko partida bat onartu du larrialdi egoerari lotuta. Dirudienez, Italian geratzeko baimen ofizialik ez duten migratzaileak identifikatzeko eta kanporatzeko prozedurak azkartu eta indartu nahi ditu gobernuak, eta horretarako baliabideak emango ditu.
Hainbat iturriren arabera, migratzaileak euren herrialdeetara itzularazteko prestatutako egiturak areagotzea ahalbidetzen du larrialdi egoerak. Hala ere, gobernuak oraindik ez du argitaratu hori jasotzen omen duen testua. Matteo Salvini presidenteordeak migratzaileentzako aberriratze-zentroen (CPR-Centro di Permanenza per il Rimpatrio, italieraz) inguruan hitz egin zuen atzo goizean, eta, "eskualde bakoitzeko, gutxienez zentro bat" egon beharko litzatekeela esan zuen.