ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/28 23:39

Aurreko astean protesta-ekintza batzuk egin zituen Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, azken asteetan argitara atera diren diren eraso matxistak salatzeko. Horren ostean egin dute agerraldi bat Itaiako hainbat kidek, Bilbon (Bizkaia); atzo izan zen, eta matxismoaren kontra borroka egitera deitu zuten.

Agerraldian, kezkaz ohartarazi zuten matxismoa izaten ari den "zabalpenaz": "eraso matxistak normalizatzen" eta "diskurtso matxistak hedatzen" ari dira. "Egunak joan eta egunak etorri, eraso matxisten berri izaten dugu, eta, nolabait, eraso horiek guztiak apurka-apurka normalizatzen joan dira gizartean", zioten.

Matxismoa eta olatu erreakzionarioa

Gainera, "komunikabideetan edota plataforma digitaletan diskurtso matxista indar handia hartzen" ari dela azpimarratu zuen Itaiak, eta "emakumeon zapalkuntza ukatzen" dutela ulerkera horiek. "Politika feministak gizonen aurkakoak direla esaten dute, eraso matxistak atzerritarrek bakarrik egiten dituztela zabaltzen dute, eta abar".

Ideia erreakzionario horiek "kale mailan eragina" dutelakoan dago Itaia, "diskurtso matxista eta arrazista horiekin bonbardatzen gaituztelako eta horrek jendearen kontzientzian eragiten duelako", hain zuzen ere.

Erasotzaileen inpunitatea ahalbidetzen dute

Emakumeen kontrako zapalkuntza ukatzen duten diskurtsoek diotenaren kontrara, Emakumeon Antolakunde Sozialistak oroitarazi zuen indarkeria matxista dela "emakumeok jasaten dugun zapalkuntza gordinena". "Eraso forma ezberdinak pairatzen ditugu, eta, gainera, adin eta jatorri anitzeko erasotzaileek gauzatzen dituzte", gaineratu zuen.

"Diskurtso matxisten zabalpenak eta eraso matxisten normalizazioak", ordea, "erasotzaileen inpunitatea areagotzen" dutela iritzi dio Itaiak, eta horregatik jo zuen ezinbestekotzat "eraso orori erantzutea eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzea".

Matxismoaren aurka, borrokarako deia

Itaiak "eraso matxisten aurka borrokatzeko eta antolatzeko deiari" egin zion azpimarra atzoko agerraldian. "Indarkeria matxista kasuak salatzen eta erasoen aukako proposamenak garatzen jarraituko dugu", aldarrikatu zuen, eta dei egin zion "matxismoaren aurkako borrokan ekarpena egin nahi duen orori" antolakuntzara batzeko.

NO HAY COMENTARIOS