ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/28 16:33

Hainbat hilabetetako lanaren ostean, Otxandion (Bizkaia) aurkeztu zuten aurreko asteburuan Kastillo Bizirik koordinadora, bertan egin nahi duten parke eolikoaren kontra sortutakoa. Otxandioko, Ubideko (Bizkaia) eta Legutioko (Araba) lurretan jarri nahi du parkea Plaury Energy enpresak (Capital Energy taldearen parte da), eta izugarrizko instalazioa ekarriko luke berekin: 200 metroko lau aerosorgailu eta 85x25 metroko hormigoizko plataformak, hain zuzen ere. Ubidetik gertu 120 metroko dorre meteorologiko bat eraikitzea ere jasotzen du proiektuak.

"Proiektu horiek gutxi batzuen interesei erantzuten dietela uste dugu, energia berriztagarrietan espekulatzeko eta haiekin negozioa egiteko aukera ikusten baitute", azaldu zuten Kastillo Bizirikeko kideek asteburuko aurkezpenean. Ohartarazi zuten, gainera, "trantsizio energetikoaren legeak bultzatzen" dituela negozio horiek guztiak, eta "lotura zuzena" dutela Europako Next Generation funtsekin. "Enpresek energia berriztagarrietan Kapitala sortzen jarraitzeko bitarteko bat ikusten dute, eta ez klima-larrialdiari aurre egiteko konponbide bat", zioten.

Kastillon parke eolikoa eraikitzearen kontra, koordinadorak 1.000 alegazio eta 800 sinadura bildu ditu jadanik. Joan den larunbatean, koordinadoraren sorreraren berri emateaz gain, aerosorgailuak instalatzeko proiektuaren aurkako elkarretaratze bat egin zuten Otxandioko plaza nagusian.

Beste parke eoliko bat Arabaren eta Gipuzkoaren arteko mugan

Kastillotik gertu beste parke eoliko bat eraikitzeko proiektu bat atera da argitara berriki, bestalde: Arabara eta Gipuzkoara jo dute berriro, lau aerosorgailuk osatutako parke bat egiteko. Arabako Jarindo mendia eta inguruak hartuko lituzke instalazioak; tartean, Eskoriatzako (Gipuzkoa), Leintz-Gatzagako (Gipuzkoa), Legutioko (Araba) eta Aramaioko (Araba) zenbait eremu, EAEko Agintaritzaren aldizkariaren arabera.

Green Capital Power enpresak egin du eraikuntza horretarako eskaera. Capital Energy taldearen parte da enpresa hori ere (Kastilloko proiektuaren bultzatzailea bezala), eta Karakate mendian beste parke eoliko bat egiteko proiektua ere aurkeztu zuen aurretik Gipuzkoan (azkenean, atzera bota zuen eskaera). Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, martxan dira Gipuzkoaren eta Arabaren arteko proiektu berrirako tramiteak.

Eolikoak jartzeko zazpi eskaera Gipuzkoan, eta energia-industriako 152 proiektu EAEn

Parke eolikoen proiektuak ugaritzen ari dira Euskal Herriko mendietan. Aurreko astean, parke berriak egiteko bi eskaeraren berri eman zuten Gipuzkoan; Eibarren eta Hernanin, zehazki. Beste bost eskaera ere egin dituzte Gipuzkoan; hala, osotara zazpi dira eraiki nahi direnak.

Kastillo Bizirikek asteburuan nabarmendu zuenez, EAEn, energia-industriari lotutako 152 proiektu jarri dituzte martxan urtebete baino gutxiagoan. Koordinadorak iritzi dio "energia-industria oso errentagarria" dela inbertsioak egiteko, eta horren adibide dela "Blackrock bezalako funts handiak sektoreko akziodun nagusiak izatea".

NO HAY COMENTARIOS