Iruñeko Alde Zaharrean, gazte-mugimenduak 2017an okupatu zuen Rozalejoko Markesaren jauregia, Gaztetxe bihurtzeko. Maravillas izena eman zioten espazioari, 1936an kolpista faxistek bortizki eraildako Maravillas Lamberto gaztearen oroimenez. Gernika margolan ezaguneko irudiekin apaindu zituzten Gaztetxeko ateak, eta memoria historikoa lantzeko hainbat ekimen antolatu zituzten. Bada, hamasei hilabeteko jardunaren ondoren desalojatu zuen Gaztetxea Nafarroako Gobernuak, urte luzez hutsik mantentzeko; eta, paradoxikoki, Nafarroako Memoriaren Institutua kokatu du bertan gerora. Oraintsu ireki ditu ateak institutu horrek, atzo bertan hain zuzen ere, hainbat urtez luzatu diren obren ostean.
Nafarroako Gobernuak 2005ean erosi zuen Rozalejoko Markesaren jauregi historikoa, baina ez zion inolako erabilerarik eman, eta ez zuten eraikinerako inolako proiekturik garatu. Hala, 2017ko irailean hartu zuten jauregia hainbat gaztek, Gaztetxe modura erabiltzeko; sinbolo bilakatu zen garaiko gazte-mugimenduan.
Urtebete eskasean, polizia-indarrak hiru aldiz saiatu ziren Maravillas husten, eta azkenerako, bide judizialera jo eta desalojoa eskatu zuen Nafarroako Gobernuak, Uxue Barkos (Geroa Bai) buru zela. Momentu horretan "Aldaketaren Gobernua" deiturikoa (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos, Izquierda-Ezkerra) zegoen agintean Nafarroan; Iruñean, Joseba Asiron (EH Bildu) zegoen alkatetzan. Gaztetxeko kideak aterabide bat bilatzen eta negoziatzen saiatu baziren ere, alternatibarik gabe agindu zuen desalojoa Nafarroako Gobernuak.
2018ko gertakariak gogora
2018ko abuzturako ezarri zuten Maravillas Gaztetxearen hustea, baina kapitulu horrek erabat markatu zuen Gaztetxeen aldeko borroka, Iruñerriko eta Euskal Herri osoko ehunka eta ehunka gazte bertaratu baitziren desalojoari erantzutzeko asmoz. Izan ere, 2018ko abuztuaren 17an sartu zen Polizia eraikinera, hura husten saiatzeko: hainbat gazte zeuden barruan, erresistentzia egiten, eta indarrez kanporatu zituzten; desalojoan, 50 bat lagun zauritu zituzten poliziek. Handik ordu gutxira, ordea, erantzun biziki gogoangarria izan zen: mobilizazio masibo batek hartu zituen Alde Zaharreko kaleak, eta eraikina berriz okupatu zuten gazteek.

Nafarroako Gobernuak, Geroa Bairen gidaritzapean, hainbatetan egin zuen aurrera eta atzera Maravillasekiko jarreran horren ondoren, eta ziurgabetasuna nagusitu zen hilabete luzez. 2019ko urtarrilean, dena den, Gaztetxera sartzea lortu zuen Foruzaingoak (Maria Jose Beaumont zen Foruzaingoaren arduraduna, EH Bilduk proposatuta), eta sarbide guztiak hormatu zituzten, gazteek sartzeko aukerarik eduki ez zezaten. Horrekin burutu zuen desalojoa "Aldaketaren Gobernuak".
Obrak eta lan-gehiegikeriak Rozalejoko Markesaren jauregian
Desalojoaren ostean, hainbat urtez egon da hesiturik eta hutsik jauregia, bertan Memoriaren Institutua kokatzeko asmoa argudiotzat hartuta. Gerora izan diren obra luzeetan, langileek lan-gehiegieriak salatu dituzte hainbatetan: 2024an, esaterako, LAB sindikatuak salatu zuen Muriba Eraikuntza enpresak ez ziela beharginei ordaintzen.
2026ko abuztuaren bukaeran ireki dute Memoria Institutu berria, Maravillas Gaztetxea indarrez desegin eta ia zazpi urtera. Urte haietan gertatutakoa gogoan, hamaika ikaspen mahai gainera ateratzen ditu berriz memoria-ariketa horrek.