"Ezin dugu onartu bisitak Zaballan dauzkagun baldintzetan gauzatzea". Hala salatu zuten hainbat preso politikok joan den irailean, espetxeko lokutorioen egoera negargarria zela-eta. Izan ere, lokutorioetako arazo teknikoek oztopatu egiten zuten presoek bisitak normaltasunez egin ahal izatea, eta bisitei uko egiten hasi behar izan zuten.
Kartzelak esku hartzen ez zuela ikusita, lokutorio greba batera jo behar izan zuten hainbat preso politikok, gutun baten bidez jakinarazi zutenez. Irailaren 13an hasi zuten greba, eta espetxeari exijitu zioten matxuratutako lokutorio guztiak behingoz konpon zitzala, "bisitak baldintza duinetan" egin ahal izateko. Eta, borroka eginez, lortu dute: lokutorioetako arazo teknikoak konpondu ditu Zaballako kartzelak.
Grebaren berri ematean, komunikazioaren alorrean jasaten dituzten beste hainbat gabezia ere azaldu zituzten preso politikoek: "Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaskarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono deiei dagokienean ere, garestiegiak izateaz gain, gaizki kokatutako gailu zaharkitu eta matxuratuak erabili behar ditugu".
Preso politikoen eskubideak urraturik, EAEko espetxeetan
Aurtengo ekainean, beste gutun bat argitaratu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletan gatibu dauden hainbat preso politikok. "Eusko Jaurlaritzaren menpean dauden kartzeletan euskal preso politikook gure senide eta lagunekiko komunikazioari dagokion arloan asko galdu dugu", salatu zuten orduan ere. Azaldu zuten, besteak beste, aurrez aurreko bisiten kopurua gero eta txikiagoa dela eta "iraupenez laburragoak" direla. "Beraz, hurbilago badauzkagu ere, denbora gutxiago ematen dugu gertukoekin", zioten.
Bestalde, ohartarazi zuten Jaurlaritzak dozenaka laguni debekatu ziela preso politikoei bisitan joatea, baita espetxeetako askotariko ekitaldietan parte hartzea ere: "Eusko Jaurlaritzak eratutako zerrenda beltz batez baliatuz, lagun ugariri debekatzen diete kartzelara sartzea, izan gurekin komunikatzera, izan bertan antolatzen diren kirol- nahiz kultur-ekitaldietan parte hartzera".
Gutun hori plazaratu eta egun gutxira egin zuten agerraldi bat hainbat preso politikoren senideek eta lagunek. Seinalatu zuten presoen oinarrizko zenbait eskubide urratuak izaten ari zirela Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko espetxeetan, arrazoi politikoengatik: "Presoen eta haien gertukoen jardun politikoa zigortzeko eta antolakuntza politikoa saihesteko helburuz, salbuespenezko trataera bat aplikatzen ari zaie".
Argitu zuten EAEko agintaritza hainbat bisita debekatzen ari zela bere kontrolpeko kartzeletan, presoen edo haiek bisitatzeko eskaerak egiten ari ziren pertsonen ideologiagatik eta militantzia politikoagatik. Horretaz gain, eta arrazoi berberengatik, espetxetako kirol- eta kultur-ekitaldietan parte hartzea ukatzen hasiak ziren hainbat presori, kirolariri eta kulturgileri.