Lan politikoa egiten duten ikasleak zapaltzen ari da Lizarraldea BHIko zuzendaritza. Bertako Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) salatu duenez, zuzendaritzatik parte ugari ireki dituzte azkenaldian ikasleen kontra: bi parte institutuan jarritako pankarta bategatik, lau parte pankarta baten aurrean egoteagatik, eta 21 parte "larri" otsailaren 26ko ikasle-grebagatik. Azken kasu horretan, ikastetxetik kanporatu dituzte 21 ikasleak, egun oso baterako.
Lizarraldea BHIko ikasle-asanblada gogor ari da lanean ikasturte honetan: Palestinaren aldeko greba iazko urrian; faxismoaren eta autoritarismoren aurkako lana urte honen hasieran, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrilaren 31rako antolatutako manifestazioari lotuta; faxismoaren eta agenda inperialistaren kontrako kanpaina otsailean zehar, IASek otsailaren 26rako deitutako greba-egunaren harira, eta abar. Gainera, ikasleen baldintzak hobetzeko ere aritu dira borrokan: sinadura-bilketa bat ireki zuten, goizetan ikastetxeko eraikineko ateak zabaltzea eta DBHko ikasleentzako komunak irekitzea lortzeko. Horren guztiaren aurka, ikasleak erreprimitzearen alde egin du institutuko zuzendaritzak.
Iazko Azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean, hitzaldi bat egin nahi zuten ikasleek, emakumeen lan-taldeak antolatuta. Zuzendaritzak, ordea, institutura sartzea eta hitzaldia ematea galarazi zion ikasleek lotutako hizlariari. "Gainera, egunero kontrolatzen dituzte antolatzen diren ikasleak, eta antolatzegatiko ondorioak geroz eta gehiago dira", seinalatu dute IASetik. Mehatxuak izan ziren lehenengo, eta azken asteetan zabaldutako parteak izan dira gero. Hori gutxi balitz, ikasleek jarritako propaganda politikoa kentzen jardun dute irakasle batzuek.
Dena den, jasaten ari diren errepresioaren kontra erantzungo du ikasleriak, eta kanpaina bat jarriko du martxan. Martxoaren 13an, ostiral honetan, ikasle-asanbladara batzera deitu dute: 10:05ean bilduko dira, kuboan.