Ia urtebetez Palestina sarraskitu ostean, eta Israelgo Estatuak adierazi duen arren ez dituela "hegoaldeko lanak" ahaztu, badirudi iparraldera mugitzen ari dela sionisten arreta, eta Libano bilakatuko dutela euren operazio militarren erdigune. Fase berri batean sarrarazi dute Libanoren aurkako gerra-frontea, eta irteteko pistola-tiro moduko bat izan dira bi egunetan zehar egindako eraso koordinatuak: milaka gailu elektroniko leherrarazi dituzte Libanon (eta Sirian), gutxienez 37 pertsona erailez eta 3.000 lagun baino gehiago zaurituz.
Azken hilabeteetan, sionistek hainbatetan egin dute mehatxu Libanon "intentsitate handiko operazio" bat hastearekin, eta etenik gabe jo dute erasora, bonbak mugatik gero eta barrurago botata. Besteak beste, Hezbollahren hamaika azpiegitura bonbardatu dituzte. Azken orduetan, baina, koska bat gora egin dute oldarraldian. Gailu elektronikoen bidezko erasoaldiaz gain, bonbardaketak areagotu dituzte Libano hegoaldean eta hego-ekialdean.
Erasoen gogortzea eta izua
Israelgo Estatuaren gerra-hegazkinek 52 bonbardaketa baino gehiago egin dituzte azken orduetan, bi olatutan banatuta. Agintaritza sionistek diote "miliziaren [Hezbollah] gaitasunak eta azpiegitura kaltetzea eta suntsitzea" dela asmoa. Badirudi, gainera, erasoekin jarraituko dutela: Herzi Halevi buruzagi militarraren esanetan, iparraldeko frontean gauzatzeko hainbat "eraso- eta defentsa-egitasmo" onartu ditu berriki, eta hegoaldetik (Gazako Zerrendako muga) iparraldera mobilizatzen hasi dira gerra-baliabideak.
Bestalde, eta beste behin ere sionisten jarduteko modu kriminala agerian utziz, Libanoko biztanleak beldurtzeko teknikak erabiltzen ari dira. Beirut hiriburuaren gainean jarri ziren atzo sionisten hainbat gerra-hegazkin, eta soinu-hesia hautsi zuten jendea izutzeko: burrunba biziak eragin zituzten, ateak, leihoak, ibilgailuak eta abar dardarka jarriz. Ikusteke dago, horretaz gain, indar sionistek lurreko inbasioari ere ekingo ote dioten Libanon.
Azken erasoak justifikatzeko, agintaritza sionistek esan dute "zibil" ugarik egin behar izan dutela ihes Hezbollahren ustezko eraso batzuen
ondorioz, eta horiek "modu seguruan itzularaztea" bermatu nahi duela
Israelgo Estatuak. "Itzularazte" horrekin, baina, badirudi Golango gainen inguruei (mugatik hurbil) egiten diela erreferentzia.
Hezbollahren agerraldia
Atzo arratsaldean, telebistaz emandako agerraldi bat egin zuen Hezbollahko buru Hasan Nasrallahk. "Marra gorri guztiak" gainditzea leporatu zion Israelgo Estatu genozidari: gailu elektronikoen bidezko erasoen bidez 5.000 libanoar erailtzen saiatu izana egotzi zion; ospitaleetan, farmazietan, etxebizitzetan, ibilgailuetan eta abarretan izan baitira leherketak. "Libano okerrenerako prestatzen ari da", esan zuen.
Hala ere, Nasrallahk argitu zuen sionisten oldarraldiak ez diela eragin Hezbollahren komando-lerroei, armamentuei, kontrolari eta bestelako baliabideei. Azpimarratu zuen sionisten helburuetako bat dela Golango gainetan eta inguruetan euren kontrol osoa ezartzea, baina Hezbollahk ez duela halakorik baimenduko. "Libanoko erresistentziak Israelen aurka borrokatzen jarraituko du, Palestinan gerra mantentzen duen bitartean", gaineratu zuen agerraldian.
"Israel lurretik sartzen bada Libano hegoaldera, egin dezala. Zain egongo gara, eta aukera historiko bat sortuko du berriro garaitu ditzagun", ohartarazi zuen. 2000. urtean, Libano hegoaldetik alde egin zuten indar sionistek, eta garaipen bat izan zen hori Hezbollahrentzat. Ikusteke dago, orain, nola erantzuten dien taldeak sionisten azken erasoei eta probokazioei.
Hainbat hipotesi
2023ko urriaren 7an palestinar milizianoek egindako erasoak agerian utzi zituen Israelgo Estatuaren hainbat ahulezia posible, segurtasunari eta bestelako gaitasun militar batzuei dagokienez. Horren ostean, entitate sionistak hamaika aldiz aldarrikatu nahi izan du bere ahalmena eta bere prestigioa. Hainbat iturrik asmo horrekin lotu dituzte, besteak beste, zerbitzu sekretu sionistek Libanon egindako azken eraso koordinatuak; Israelgo Estatuak bere izena berreskuratu nahi izatearekin, alegia.
Beste zenbait hipotesi ere atera dituzte mahaira analistek. Descifrando La Guerra atarian, adibidez, sionisten beste hainbat helburu posible aipatzen dituzte: erasoak "maila handiko operazio baten atarikoa" izatea, Hezbollahren barne-komunikazioetan eta barne-mugimenduetan infiltratu direla frogatzea, edota harrotasunez erakutsi nahi izatea ahalmena dutela halako eraso erraldoiak (eta are gehiago) egiteko.