ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/10/22 14:23

Berriki bete ditu lau urte Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak Zentro Sozialistak, eta pasa den larunbatean ospatu zuten urteurrena, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatutako egitarau batekin. Egun osoan zehar izan ziren ekimenak Zentro Sozialistan: 3x3 txapelketa egin zuten goizean, bazkari bat ondoren, eta La Pulga eta lagunak flamenko taldearen eta Broken Brothers Brass Band taldearen emanaldiak izan ziren arratsaldean.

Esklabak bezalako espazioen alde lanean jarraitzera eta antolatzera deitu zuten larunbatean Kontseilu Sozialistako kideek. Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Sareak bideo baten bidez gogorarazi duenez, 2018. urtean okupatu zuen eraikina Azpeitiko Krisiaren Seme-Alabak taldeak, "jaiotzen ari zen mugimendu berri baten espazio gisa".

"Udalaren jabetzako eraikina izanik eta egoera zein testuinguru politikoa nahasiak izanik, agintean zen udal taldearekin [EH Bildu] tentsio handiak izan ziren: gezurrak eta difamazioak, akordio eta konpromiso betegabeak, argi eta ur mozketak, herriko baliabide publikoak erabiltzeko trabak, sarraila aldatzeko saiakera...", azaldu du Errakik. Esklabetan izan zen aurreneko Gazte Sozialisten Topagunea, 2019an, eta horren ostean "amaitu ziren tentsio une gogorrenak". "Lau egunez [Topagunean], 500 pertsonatik gora elkartu ziren Esklabetan, eta orduko lan-egunek eta gazte haien inplikazioak Esklabak Zentro Sozialistaren garapen propioa hastea ahalbidetu zuten, gaur egun dena izatera iritsi arte", laburbildu du Errakik.

Ezinbesteko egoitza

Espazioa etengabe egokitzen aritu dira azken lau urteetan, eta gaur egun, hamaika proiektu eta ekimeni lekua ematen die eraikinak: hainbat lagunen etxebizitzak daude bertan, oinarrizko elikagaien eta produktuen biltegi bat dago martxan, lan-arloko aholkularitza juridikoa eskaintzeko bulego bat dago abian, gimnasio bat, bilerak egiteko gelak nahiz erabilera askotariko espazio eta aretoak daude, eta abar.

Baina ez da ezinbesteko azpiegitura bat lekuko Mugimendu Sozialistarentzat soilik: Euskal Herri osoko Mugimendu Sozialistaren "jarduna aurrera eramatea ahalbidetzeaz gain, ekimen askoren aterpe izan da": Itaiaren Euskal Herriko emakume sozialisten lehenengo topaketak, Kontseilu Sozialistaren lan-lerroak, Gazte Koordinadora Sozialistaten formakuntza mintegiak, IAren Eskola Ibiltaria, Errakiren jardunaldiak, eta abar. Hala, Zentro Sozialista bilakatu da azken urteetako ibilbidean zehar, eta, gaur egun, "Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko eta sozialetako bat da".

Irakurri hemen Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kide Ander Mendiluzeri 'Arteka'-n egindako elkarrizketa, Esklabak Zentro Sozialistaren urteurrenaren harira

NO HAY COMENTARIOS