Ander Mendiluze Esklabak Zentro Sozialistan ARGAZKIA / Arteka
2022/09/03

Urrian lau urte bete ditu Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistak. Eztabaida eta hausnarketa luzeko prozesu baten ostean, hainbat gaztek Esklabak eraikinera sartzeko hautua egin zuten. Gaur egun, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistarena ez ezik, Mugimendu Sozialistako hainbat antolakunderen egoitza ere bada. Zentro Sozialisten inguruan eta aurrera begirako erronkez aritu da Ander Mendiluze.

Zein testuingurutan okupatu zenuten Esklabak Zentro Sozialista?

Proiektuaren jatorriaz hitz egiteko, gero «ziklo politiko berria» deitu denaren atarian Euskal Herri osoan hedatzen ari ziren eztabaida prozesuetara jo beharra dago. Ezker Abertzalearen (EA) noraez instituzionalaren eta krisi kapitalistaren sakontzearen arteko konbinazioak panorama politiko berriari buruzko hausnarketa-giroa sortu zuen gazteria militantearengan. Izan ere, kapitalismoak eskaintzen zion ortzimuga ezaz eta EAren gainbeheraz nazkatuta, berebiziko garrantzia zuen une batean falta ziren tesi iraultzaileak berreskuratzearen eta eguneratzearen aldeko apustua egin zuen. Ikasketa-, prestakuntza- eta eztabaida-urte horiek izan ziren gaur egun Mugimendu Sozialista izenez ezagutzen dugunaren hastapenak.

Urte haietan, jarduera politiko ia guztia Azpeitiko Gaztetxean egiten genuen, herriko gazteria proletarioak pairatzen zituen eguneroko arazoen inguruan lan eginez batez ere. Hala ere, aurretik aipatutako eztabaida prozesuek antolaketa integralagoa garatzera behartu gintuzten, gazte eta ikasle esparruetara mugatu gabe, eta langile klasearen problematika guztiak barne hartuko zituen lan-lerroak irekiz. Esklabak Zentro Sozialistaren okupazioak beraz, jaiotzen ari zen Mugimendu Sozialista espazio fisikoz lagundu eta hornitu zuen.

«Urte haietan, jarduera politiko ia guztia Azpeitiko Gaztetxean egiten genuen, herriko gazteria proletarioak pairatzen zituen eguneroko arazoen inguruan lan eginez batez ere. Hala ere, aurretik aipatutako eztabaida prozesuek antolaketa integralagoa garatzera behartu gintuzten, gazte eta ikasle esparruetara mugatu gabe»

Zeintzuk dira eraikinak betetzen dituen funtzioak? Zer egiten da Zentro Sozialistetan?

Zentro Sozialistak Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko eta sozialak dira. Politikoak dira, osatzen dugun militantziarentzat elkargune diren aldetik, gure zereginak, bilerak, prestakuntzak eta barne-lanak egin ahal izateko. Sozialak dira, gure jarduera politikoaren erakusleiho nagusi ere badirelako, horietan eramaten baititugu aurrera esku artean ditugun proiektu gehienak.

«Zentro Sozialistak Mugimendu Sozialistaren egoitza politiko eta sozialak dira. Politikoak dira, osatzen dugun militantziarentzat elkargune diren aldetik, gure zereginak, bilerak, prestakuntzak eta barne-lanak egin ahal izateko. Sozialak dira, gure jarduera politikoaren erakusleiho nagusi ere badirelako, horietan eramaten baititugu aurrera esku artean ditugun proiektu gehienak»

Zentro Sozialistak, beraz, erreferentzia-puntu nagusi ere badira gure oinarri sozialarentzat eta sinpatia digutenentzat; interesa duen oro bertaratzeko toki bat.

Espazio horiek barne hartzen dituzten proiektuak Kontseilu Sozialistek aurrera eramandakoak dira nagusiki. Hemen, proletalgoaren bizi baldintzen okertzeari eusteko eta egoera horri buelta emateko eginkizuna duten hainbat lan-lerro ditugu, krisi kapitalistak gogorren jo dituen gizarte-sektoreei baliabideak eskaintzeko tresnak modu eraginkorrean antolatuz. Jakina, proiektu horiek ez dira modu asistentzialista batean ulertzen, erakunde komunistan gero eta jende gehiago konbentzitzen eta antolatzen joateko palanka gisa baizik.

Esklaben kasuan, adibidez, bere burua defendatzen jakingo duen militantzia bat sortzeko gimnasio bat dugu; oinarrizko produktuen banku bat dugu martxan, non 100 boluntariok baino gehiagok parte hartzen duten eta 250 pertsona inguru hornitzen dituen; lan-gatazkei buruzko aholkularitza eskaintzen duen bulego bat dugu; hitzaldiak, proiekzioak, kultur ekintzak edo bilera handiak egiteko balia daitezkeen areto multifuntzionalak ditugu, hala nola, Burdin Hesia edo Oh gu hemen! grabatzeko (Gedar Telebista-ko saioak); eta etxebizitzak eta bilera-gelak ere baditugu, Mugimendu Sozialistaren barne ekintzak azpiegituraz hornitzera bideratuak, batez ere.

Zein dira Espazio Sare Sozialistaren parte izateak ondorio praktikoetarako dakartzan aurrerapausoak?

Espazio Sare Sozialistak, batez ere, baliabideen zentralizazioari esker lan prozesuak hobeto antolatzea dakar. Alde batetik, antolakuntzaren aldetik isolatuta dauden espazioen naturaltasun hauskorra ezeztatzen du, jarraitutasun politiko eta antolakuntza-ildo egonkor bat ematen duelako eta administratzaile bakoitzaren tokian tokiko indarren gorabeherekiko mendekotasunetik askatzen dituelako; eta, bestetik, kualitatiboki gaitasun aurreratuak ematen dituelako espazioan behar diren lanak egiteko: obra, garbiketa, sukaldea, segurtasuna, defentsa...

«Espazio Sare Sozialistak, batez ere, baliabideen zentralizazioari esker lan prozesuak hobeto antolatzea dakar»

Zeintzuk dira etorkizunera begira dauzkazuen erronka nagusiak?

Gure erronka handienetako bat okupatutako espazioen administrazio- eta kudeaketa-eredu zaharrarekin haustea da, proletario iraultzaileen beharrei erantzungo dien beste bat ezartzeko. Hau da, serioa eta garbia izango den espazio bat, egonkorra eta erregularizatua, Mugimendu Sozialistaren helburuen mailan, horrela azken hori ere bere baitan har dadin. Eta, jakina, espazioaren defentsa on bat eskatzen du horrek. Hitz gutxitan, espazioa kontrolatzeko paradigma berri bat eraikitzea da kontua.

«Gure erronka handienetako bat okupatutako espazioen administrazio- eta kudeaketa-eredu zaharrarekin haustea da, proletario iraultzaileen beharrei erantzungo dien beste bat ezartzeko»

EZ DAGO IRUZKINIK