ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/10/16 22:28

Gaur goizean, 09:00ak aldera, protesta-ekintza bana izan da Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa). Espainiako Gobernuaren ordezkaritza-egoitzetan egin dituzte bi protestak: Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) lau kide kateatu dira denera, Israelgo Estatuaren terrorismoa eta Espainiako Gobernuak sionistekin duen elkarlana seinalatzeko. Kateatu direnekin elkartasunez, dozenaka lagun bildu dira inguruan.

Bi hiriburuetan, protestan parte hartzen ari ziren pertsonen kontra oldartu da Polizia. Bilbon, Ertzaintzak hainbatetan kargatu du manifestarien aurka; hainbat zauritu eta identifikatu izan dira, eta bi gazte izan dituzte atxikirik. Ertzainak saiatu ostean, azkenean suhiltzaileek kendu dizkiete kateak ordezkaritzara lotu diren gazteei, eta atxilo eraman ditu Poliziak. Arratsaldean geratu dira aske, 15:00ak igarota.

Iruñean, berriz, Espainiako Poliziak jo du protestaren kontra. Jendea ekintzatik kanporatu ostean, kateatu diren bi pertsonei kateak kendu eta gobernu-ordezkaritzan eduki dituzte atxikirik. 

Israelgo Estatu terrorista, eta Mendebaldeko bere konplizeak

Ekintza horren bitartez, hainbat salaketa eta aldarrikapen egin nahi izan ditu GKSk. "Israelgo Estatuaren izaera terrorista" seinalatu du, batetik: "Inpunitate osoz eta ideologia supremazistaz ari da Palestinan eta Libanon genozidioa, garbiketa etnikoa eta terrorea hedatzen". Hala, "Israelgo Estatuaren desagerpena" aldarrikatu du, eta elkartasuna erakutsi die "Israelen terrorismoa pairatzen ari diren guztiei".

Bestetik, gaurko protesta-ekintzaren bidez, Espainiako Gobernuari eta enpresei exijitu die "Israelgo Estatuarekin dituzten harreman ekonomikoak, diplomatikoak eta militarrak behingoz eten ditzatela". Harreman horien isla modura aipatu ditu "lurren okupaziorako tratu ekonomikoak, Israelgo inteligentzia-sistemen erosketa, estatuen normalizaziorako eta kooperaziorako embadaxak" eta abar, eta horiek guztiak bertan behera uzteko exijentzia egin die gobernuari eta korporazioei. "Israelgo Estatu terrorista normalizatzeaz gain, Israel egiten ari den genozidioa eta suntsiketa sustengatzen dute", gaineratu dute gazteek.

GKSk, hortaz, dei egin du "Israel hainbat lurraldetan gauzatzen ari den sarraskiaren eta genozidioaren kontra mobilizatzera, bai eta Israelen terrorismoa sufritzen ari diren herri langileei babesa ematen jarraitzera ere".

NO HAY COMENTARIOS