Lapurreta txikiengatik kartzela-zigorrak ezartzea onartu du Espainiako Kongresuak
— ARGAZKIA congreso.es

Espainiako Kongresuak atzo onartu zuen Junts per Catalunyaren lege-proposamena: delitu batzuk hainbatetan errepikatzea ("multirreindicencia") gogorrago zigortuko dute. PSOEren, PPren, Voxen, Juntsen eta UPNren aldeko botoekin atera zuten aurrera neurria, 300 eserleku baino gehiagoko gehiengo absolutua lortuta. EAJ eta ERC abstenitu egin ziren, eta PSOEren gobernua babesten duten hainbat taldek (Sumarrek, Podemosek, EH Bilduk, BNGk eta Kanarietako koalizioak) kontra bozkatu zuten, baina lege-aldaketa eragotzi ezinik eta gobernuari emandako babesa kendu gabe.

Erreformak Senatutik igaro beharko du orain, eta Zigor Kodea aldatuko luke, hiru lapurreta arin pilatzen dituztenei sei hilabetetik hemezortzi hilabetera arteko espetxe-zigorrak ezartzeko; baita lapurtutako materialaren guztizko prezioa 400 eurotik gorakoa ez bada ere.

Testua 2024ko martxoan erregistratu zuen Juntsek, eta irailean hartu zen aintzat, PSOEren, PPren, Voxen, EAJren eta UPNren hasierako babesarekin. Carles Puigdemonten eta Moncloaren arteko hausturaren ondoren, ordea, geldirik geratu zen. Hala ere, PSOEk, PPk eta Juntsek ateak itxirik egindako itun batek tramitazioa desblokeatu zuen abenduan,Juntsekin izandako "urraketa" batzuk aitortu baitzituen Pedro Sanchezek Katalunian egindako elkarrizketetan, eta horiek "zuzentzeko" konpromisoa hartu baitzuen.

Hori gertatu eta bi egunera desblokeatu zen erreformarako ekimena. PSOEk eta PPk adostutako sei transakzio-emendakin jasotzen ditu legeak, eta zigorrak gogortzen ditu delituak "larriak" direnean edo gailu elektronikoak nahiz "behin eta berriz egindako iruzurrak" tartean direnean ere, urtebete edo hiru urteraino.

Kritikak

PSOEren aliatu ezkertiarrek hitz gogorrak izan dituzte bere aurka, eskuineko alderdiekin eta talde faxistekin batera pobrezia kriminalizatzeko lege bat onartzeagatik. Sumarreko iturriek ohartarazi zuten ezin zaiola "segurtasun ezari kartzela eta eskubide gutxiagorekin aurre egin", eta Sanchezi leporatu zioten "esparru ultra bat besarkatzea Junts pozik uzteko". Podemosek salatu zuenez, Juntsek Aliança Catalanarekin duen lehiari erantzuten dio arauak: "Juntsek faxisten postulatuak hartu behar ditu eskuin muturraren botoa ez galtzeko, eta PSOEk botoak ematen dizkio".

EH Bildu eta BNG bat etorri ziren esatean erreformak ez duela "egiturazko arazorik konpontzen, baina kartzelak pertsona zaurgarriz beteko dituela". Hala ere, inbestidurako eta gobernuko aliatu bakar batek ere ez du mehatxurik egin PSOEri babesa kenduko diola esanez, eta, beraz, Sanchezek lege autoritarioak hedatzen jarrai dezake; gobernua galtzeko beldurrik gabe, eta komeni zaionean eskuinarekin itunak eginez.

Erreformaren behin betiko onarpenak beste biraketa punitibo bat ezartzen du. Bi urtetik gorako zigorrak ezartzean, benetako espetxeratzea ekarriko du kasu askotan, marjinaltasun- eta pobrezia-egoeran dauden pertsonek egindako ondare-delitu txikiengatik. Erakunde sozialek eta legelari aurrerakoiek seinalatu dute legeak, batez ere, biztanleria migratzailea eta bazterkeria sozialeko egoeran dauden pertsonak kriminalizatuko dituela, biziraupenerako ebasketak egitera bultzatzen dituzten arrazoi ekonomikoei heldu gabe.

Bitartean, PSOEk enegarren aliantza taktikoa egin du arlo penalean PPrekin, Voxekin eta Juntsekin, eta "esku gogorraren" diskurtsoa normalizatzen laguntzen du "historiako gobernurik aurrerakoienak".