Ehundik gora izan dira Errotxapeako Gaztetxeak egindako deialdiarekin bat egin eta Iruñeko (Nafarroa) Errotxapea auzoko gaztetxearen atarian elkartu direnak. "Auzoa eraldatzeko eta alternatibak sortzeko" martxan jarritako proiektuak, auzoko kolektiboekin "elkarlana" sustatzeaz gain, belaunaldien arteko espazioak sortzeko balio izan duela azpimarratu dute gaztetxeko kideek. Proiektuak "bi eredu kontrajarriren arteko talka" islatzen duela esan dute prentsaurrean: sistema kontsumista eta espekulatzailea, eta auzo altenatibo eta interkulturala". Gaur, hilak 8, 19:00etan egin duten agerraldian, "desjabetuon kontrolpeko gune hau lapurtu eta suntsitu" nahi dutela salatu dute gaztetxeko kideek.
Mehatxuak eta erasoak
Hainbat izan dira gaztetxeko kideek salatu dituzten eraso eta mehatxuak. Batetik, La Caixa banketxeak eraikinean etxebizitzak egiteko agertutako interesak eragindako mehatxua azaldu dute: "La Caixari zortzi urte hutsik zeraman eraikin honek interesa piztu zion, eta etxebizitzak egiteko aitzakiapean, proiektu honen aurkako prozesu judiziala hasi zuen, oraindik martxan jarraitzen duena".
Asanbladako kideek salatu dute Errotxapean hamaika familia kaleratu dituztela, eta beste horrenbeste etxebizitza hutsik egonda ere, gaztetxea dagoen
eraikinean etxebizitza berriak egin nahi dituztela. "Gure ametsa
eta proiektua zapaldu nahi dituzte etxebizitza gehiago eraikitzeko", diote.
Bestetik, Iruñeko
Hirigintza Sailak eraikinean ekitaldi publikoak egiteko ezarritako
oztopo administratiboa gaitzetsi dute. Izan ere, Iruñeko Udalak mehatxu egin die, eta ekimen publikoak eginez gero, 6.000 eta 60.000 euro arteko
isuna jarri eta espazioaren itxiko duela jakinarazi die gaztetxeko
kideei.
Navarra Suma alderdiak gaztetxeak jopuntuan dituela ere adierazi dute gaztetxeko kideek, "bere helburu politikoan ikus daitekeen bezala". Bide horretan, UPN alderdiak iraganean "modu ilegalean eta gupidarik gabe" hustu zituen gaztetxeak izan dituzte gogoan: "Irule gaztetxearen desalojoa ahaztuko dugulakoan bazaudete, oker zabiltzate; baita Euskal Jai gaztetxean egin zenuten suntsipena ere".
Defentsarako deia
Eraso eta
mehatxuen aurrean, gaztetxeak defendatzeko deia egin dute agerraldian elkartu
diren ehundik gora lagunek. Hala, Errotxapeako Gaztetxea
eskura dituzten "baliabide guztiekin" defendatuko dutela
aldarrikatu dute: "Auzo eta mundu hobe bat eraikitzeko bidean
horrelako espazioak beharrezkoak dira, eta edozein erasoren aurka
borrokatzea zilegi da".