Laguardian (Araba) Ciudadanos alderdiko zinegotzi izandako pertsona bat zigortu du Arabako Probintzia Auzitegiak, asegurua kobratzeko asmoz, eraso bat pairatu izanaren itxurak egiteagatik. 93.000 euroko kalte-ordainak eskatu dizkiote politikari ohiari, eta urtebete eta bi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote.
Sententzian jaso dutenez, 2018an egin zuen iruzurra zinegotzi ohiak. Pabiloi batean bere jabetzako lantegi bat zuen, eta nahita eman zion su, aseguru-poliza kobratu ahal izateko. Erasoaren antzerkia perfekzionatzeko, gainera, mehatxuzko pintaketak egin zituen lekuan: "Facha, hijoputa" eta "Facha, muérete pronto" margotu zuen, besteak beste.