ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/10/31 09:15

Atzo eman zuten berria sare sozialen bidez, Prozesu Sozialistaren aldeko Elkargunearen eskutik: espazio sozialista berri bat ireki dute Madrilen, La Yuntera izenekoa. Kideek azaldu dutenez, "gure klasearen zerbitzura" egongo den espazio bat da, "prozesu politiko zabalago baten eta estrategia orokor baten barruan kokatutako tresna bat"; eta "gai izango dena desjabetzeari zentzua emateko, eta lokalismoak eta zatiketak ezaugarritutako eredu bat gainditzeko". "Espazio hau ez da bere baitan agortzen eta ez da basakeria ozeano batean askatasun-irla gisa jaiotzen: gizarte kapitalistarekin etengabeko gatazkan egongo den gune bat izango da", gaineratu dute Madrilgo kideek.

"Espazio hau ez da bere baitan agortzen eta ez da basakeria ozeano batean askatasun-irla gisa jaiotzen"

"Azken urteetan, estatu osoan jaurti den okupazioaren kontrako ofentsiba orokorrak intzidentzia berezia izan du Madrilen", ekarri dute gogora: "Ikusi dugu nola husten zituzten zentro sozialak eta etxebizitzak inoiz baino azkarrago eta errazago, erresistentziarik ia eskaini ezin genuela". Ohartarazi dutenez, huste horien aurrean "erantzuteko gaitasuna" pixkanaka ahuldu den heinean, Estatuaren "errepresio-mekanismoak hobetu eta areagotu" dira, "jabetza pribatuaren eta espazioaren gaineko kontrol burgesaren bidez", besteak beste.

"Bizitzeko eta modu independentean antolatzeko espazioetara proletalgoak daukan sarbide-gaitasuna murriztuz joan da, gure bizimoduak kriminalizatzeko prozesu azeleratu baten ondorioz", seinalatu dute Madrilen: "Gainera, proletarizazio-prozesu bete-betean dauden erdi-mailako klaseetako sektore gero eta gehiagoren partetik sustatzen da kriminalizazio hori, burgesiaren ofentsiba kulturalaren markoaren barruan".

"Bizitzeko eta modu independentean antolatzeko espazioetara proletalgoak daukan sarbide-gaitasuna murriztuz joan da, gure bizimoduak kriminalizatzeko prozesu azeleratu baten ondorioz"

"Fenomeno horiek guztiak ezin dira modu isolatuan ulertu, gizarte kapitalistetan izaten ari den eguneraketa autoritarioaren parte dira. Bizitzen ari garena bezalako krisi kapitalista larriko une batean, ezin dugu espero proletalgoaren behar politikoen eta antolakuntza-beharren zerbitzura jarri nahi den espazioaren gaineko kontrol-modu ororekiko jazarpena ez den beste ezer", ondorioztatu dute.

Nabarmendu dute, dena den, ez dela nahikoa egoera horren jakitun izatearekin: "Ofentsiba horri aurre egitea ahalbidetuko diguten tresnak eskuratu behar ditugu". Hala, gogorarazi dute Madrilen beti izan direla "langile kontrolpeko zentroak", baliagarriak izan direnak mugimendu ugari "elkartu eta antolatu" zitezen. "Hala ere, egoera batean gaude non espazio horiek gero eta gutxiago diren eta gero eta bakartuago dauden, euren burua defendatzeko eta beren jardun politikoa garatzeko gaitasun gutxiagorekin", gaineratu dute.

"Uste dugu beharrezkoa dela langile kontrolpeko espazioak ulertzeko eta antolatzeko modu berriak planteatzea"

"Autokritikatik" abiatuta, espazio horien guztien errekonozimendua oinarri hartuta eta argituta, hain zuzen ere, kide asko espazio horietatik datozela eta horietan lanean jarraitzen dutela, behar bati egin diote azpimarra La Yuntera aurkeztean: "Uste dugu beharrezkoa dela langile kontrolpeko espazioak ulertzeko eta antolatzeko modu berriak planteatzea".

Eta, hain zuzen ere, Madrilgo espazio sozialista berria aurkeztean, bertako kideek funtsezkotzat jo dute "gure klasearen beharrei erantzugo dieten eta gure gaitasun politikoak eta antolakuntza-gaitasunak garatzea ahalbidetuko diguten gero eta egitura gehiago eratzea". Gisa horretako espazioek, hala, "desjabetzea legitimatzeko" eta "espaziorako sarbidearen irizpide burgesei" aurre egiteko ere lagundu beharko lukete haien esanetan, borroka kultural horri ekarpena eginez.

Funtsezkotzat jo dute "gure klasearen beharrei erantzugo dieten eta gure gaitasun politikoak eta antolakuntza-gaitasunak garatzea ahalbidetuko diguten gero eta egitura gehiago eratzea"

NO HAY COMENTARIOS