ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gasteizko kanpuseko ikasleen kontzentrazioa Elurretan.
2019/10/18 13:17

Azken asteotan Euskal Herri osoan emakume langileen aurka izan diren oldarraldiei erantzun diete Gasteizko (Araba) campuseko hainbat ikaslek. GUET talde feministak deialdia egin zuen duela egun batzuk, "umiliazio, bortxaketa, labankada eta irain" kasuen aurrean, "elkartasuna eta autodefentsa" aldarrikatzeko.

GUETek adierazi duenez, azken bi asteetan Gasteizen (Araba), Zallan (Bizkaia), Bilbon (Bizkaia), Mungian (Bizkaia), Baionan (Lapurdi) edota Durangon (Bizkaia) ohartu dituzte, gutxienez, emakume langileen aurkako erasoak. Salatuak izan ez diren kasuak ere gogora ekarri dituzte.

Ikasleen arabera, eraso horiek guztiak "sistematizatuta dagoen fenomeno baten parte" dira; sistema kapitalistaren "eguneroko ofentsibarena", hain zuzen. Biolentzia sistematizatua neutralizatzeko, "etsaitasun eta traizioak" elikatu beharrean, "zapalduon arteko elkartasuna" abiarazi eta "ongizate kolektiboan" oinarritutako gizartea eraikitzeko apustuan berretsi ziren.

Etenik gabeko ofentsiba

GUETeko kideek mahaira atera bezala, azken egunetan ez dute etenik izan emakume langileen aurkako erasoek Euskal Herrian. Urriaren 14an emakume batek jasandako sexu erasoa salatu zuten Mungian. Hiru egun lehenago, urriak 11, Derion (Bizkaia) emakume batek jakinarazi zuen lantokiko arduradun baten partetik sexu jazarpena jasan behar izan duela, hiru urtean. Urriaren 10ean, aldiz, jakinarazi zen 15 urteko neska bat bortxatu zuela bere neba nagusiak Baionan. Gasteizen, bestalde, bi gizonezkok euren bikotekideak kolpeka erasotu zituzten, eta aizkora bidezko mehatxatuak ere izan ziren tartean.