AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Genero indarkeriaren kontra Baionan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Bob Edme
2019/10/10 17:16

Azken egunetan ere ez dute etenik izan genero indarkeria kasuek Euskal Herrian. Baionan (Lapurdi) 20 urteko gizonezko bat espetxeratu dute, 15 urteko arreba bortxatzeagatik. Berria egunkariaren arabera, atxilotuak onartu egin du arreba bortxatu duela. Haur bat izan berri du neskak, eta ikastetxeak salatu zuen haren egoera; izan ere, susmoak piztu ziren neskaren gorpuzkeran aldaketak antzematen hasi zirenean, zein antsietatea izaten hasi zenean. Erasoa dela-eta, bortxaketa eta intzestua leporatu dizkiote espetxeratuari.

Bi eraso Gasteizen

Bestalde, atzo, hilak 9, bi gizon atxilotu zituzten Gasteizen (Araba) haien bikotekideak erasotzeagatik. Emakume biek ere kolpeak jasan zituzten; haietako bati gainera, aizkoraz mehatxu egin zion bikotekideak. Erietxean artatu behar izan dituzte bi emakumeak.

Azken hiru eraso horiekin, dagoeneko zazpi dira pasa den asteburuaz geroztik Euskal Herrian gertatu diren genero indarkeria kasuak, gutxienez. Bizkaian salatu zituzten erasoetako bi -Zallan eta Boluetan-, eta beste biak Gasteizen jazo ziren.