ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak deitutako manifestazioa, iazko abenduan.
2025/05/02 17:05

Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui lantokia ixteko eta langile guztiak kaleratzeko enplegu-erregulazioko espediente bat ezarri nahi izan du enpresako zuzendaritzak, eta aurrera egingo du bere asmoekin: bukatu da espediente hori negoziatzeko kontsulta-aldia, eta, beraz, berehalakoa da fabrikaren itxiera. Plantillako 350 bat langileak kaleratze-gutunak jasotzeko zain daude, konkurtso-administrazioak epaitegian aurkeztu baitu dagoeneko kontratuak azkentzeko eskaera. 

Aste honetan iraungi da enpresa-zuzendaritzak aurrez inposatutako aldi baterako lan-erregulazioko espedientea. Hortaz, berehala bidaliko dituzte kalera behargin guztiak. Soldatak Bermatzeko Funtsera (FOGASA) jo beharko dute gainera, kitatzea eta kaleratzeengatiko kalte-ordainak kobratzeko. Hala ere, 20 bat beharginek kontratuak mantenduko dituzte behin-behinean, antza denez, Volvorentzako bi autobusen ekoizpena amaitu arte.

Dagoeneko likidazio-fasean sartuta, eta kontuan hartuta Nafarroako Gobernuak adierazi duela ez duela hura mantentzeko laguntzarik emango "plan bideragarri" bat egon ezean, berehala zarratuko dute Altsasuko lantegia, enpresako zuzendaritzak pilatutako zor erraldoiak tarteko.

Langileek hilabeteak daramatzate itxieraren eta kaleratze masiboaren aurka borrokan, eta babes handia jaso dute Sakana osoan. Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak eta Sakanako Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) apirilean kaleratu zuten idatzi bat, "langileon miseriaren errudun zuzenak" seinalatzeko. Enpresaburuen eta erakunde publikoen ardura salatu zuten, baina baita sindikatuena ere, haien "rol kontziliatzaileagatik".

NO HAY COMENTARIOS