ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/10/06 12:13

Fiskaltzaren aginduz, goizean Josu Urrutikoetxearen etxera bertaratu dira Frantziako Polizia judizialeko agenteak, eta atxilo eraman dute. FIJAIT fitxategiekin dago lotuta atxiloketa. Berria-ren arabera, Parisko Clichy auzoko komisaldegian atxilo izan ostean, aske geratu da jada.

Egoitz Urrutikoetxea Josuren semeak "intimidazio saiakera" gisa jo du atxiloketa. Irailaren amaieran jakin zen Urrutikoetxea Espainiaratzea onartu duela Parisko Dei Auzitegiak; "herriko tabernen" auzia du oinarri euroaginduak.

FIJAIT fitxategia

Frantziako fitxategi judizial automatizatua da FIJAIT, eta "arau-hauste terroristen egileak" ditu jasota. Urrutikoetxeari jakinarazi diotenez, fitxategi horretan sartu berri dute, eta hiru hilabetean behin aurkeztu beharko da aurrerantzean.

2016. urtean jarri zuten martxan fitxategia, Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako atentatuen ostean. Bertan, ustez, "terrorismoarekin lotura" duten pertsonak zerrendatzen dituzte, "herritarren zaintzaren" aitzakiapean. FIJAIT sortu zuten urte berean, fitxategi horretan sartu zituztela ohartarazteko jakinarazpenak jasotzen hasi ziren euskal preso politikoak eta preso politiko ohiak.

Neurri zorrotzak ezartzen dituzte zerrendan sartzean, "betebeharrak" deiturikoak. Fitxategian daudenek hiru hilabetean behin erakutsi behar dute haien bizitokiaren justifikazioa, eta, bizitokiz aldatuz gero edo Frantziako Estatutik ateraz gero, 15 egun lehenago jakinarazi eta aldaketa justifikatu behar dute. FIJAITen dauden pertsonak, gainera, "bilatutako pertsona" gisa daude izendatuta.

Epaiketa egunetik, gehienez 20 urtez egon daitezke FIJAIT zerrendan, eta gehienez hamar urtez izan ditzakete "betebeharrak" direlakoak. Oraindik preso dauden pertsonen kasuan, kartzelatik ateratzean hasten da denboraren kontaketa. Neurriak bete ezean, bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko isuna izan ditzakete.