ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Alde Zaharreko Gazte Mugimenduaren agerraldia, joan den larunbatean.
2020/09/16 12:32

Iruñeko (Nafarroa) Alde Zaharreko lau gaztek auzitegian deklaratu beharko dute bihar (osteguna), ikertu gisa, pasa den otsailaren 22ko gertakarien harira. Espainiako Poliziak zazpi gazte salatu zituen, eta "desordena publikoak" eta "kalteak eragitea" leporatzen diete. Martxoan, komisaldegira deitu zituzten zazpiak, deklaratzera, eta haietako lau auzitegira deitu dituzte biharko. Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak joan den astean eman zuen zitazioen berri.


"Agerikoa da prozesu hau ez dela auzi isolatua", ohartarazi zuen Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak: "Gazteon kontrola eta sumisioa oinarri dutenek, indar polizialen bidez, gure auzoa dute jomugan".


Otsailaren 22ko gauean, ihauterietako ospakizun betean zeudela, Alde Zaharrean sartu zen Espainiako Polizia; kalejiran zeuden hainbat bizilaguni oldartzeaz gain, 14 urteko gazte bat harrapatu zuten furgonetarekin. Ondoren, beste hainbaten artean, moxaurrez mozorrotuta zebiltzan hainbat gazte identifikatu zituzten. Horiek dira deklaratzera deitu dituztenak, 17 eta 23 urte arteko gazteak. Gertakarien hurrengo egunean, jazotakoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten auzoan.