24 ordu igaro dira Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Iruñean (Nafarroa), langile kontrolpeko etxebizitza bloke baten berri eman zuenetik. Jarauta kalean, bloke batera sartu eta birjabetu egin dute hainbat lagunek, bertan bizi ahal izateko. Erabaki hori hartu dutenen artean daude, esaterako, aurretik etxegabetuak izan diren familiak, indarkeria matxista jasan dutenak edota haurrak dituztenak; bai eta emantzipatu ezinik dauden gazteak eta lan-arazoak direla-eta alokairu bat ordaindu ezin duten hainbat pertsona ere.
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatuak atzo gauean jakinarazi zuen zein zen egoera Jarautako 19. zenbakian: blokearen birjabetzea argitara atera zenetik, Iruñeko Udaltzaingoak erabateko setio bat ezarri zuen eraikinean. Sarbide-kontrol bat jarri zuen blokean; oraindik ere ez diete sartzen uzten bertatik ateratzen diren bizilagunei, ez eta beste inori.
Gau osoan zehar izan dute kontrolatuta atalondoko sarrera, eta barruan dauden pertsonei elikagaiak edota botikak eramatea ere ez dute baimentzen udaltzainek. Une honetan 19. zenbakiko etxeetan dauden lagunei, beraz, erabateko setio egoera ezarri die Poliziak.
Protesta PCH-IBren egoitzan
Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen (PCH-IB) udal enpresaren jabetzakoa da duela hainbat egun birjabetutako eraikina, eta hainbat urtez egon da hutsik. Gaur goizean, enpresa horren egoitzara eraman dute protesta hainbat eta hainbat pertsonak: bulegora sartu dira oihu artean, isilpean aurrera eraman nahi den legez kontrako etxegabetzea salatzeko. Poliziak sarbide-kontrola ken dezala exijitu dute egoitzan, bai eta Jarautako 19. zenbakiko bizilagunei euren etxeetara sartzen utz diezaietela ere. Udal enpresako ordezkari batekin biltzea lortu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek, exijentziak jakinarazteko.
Eskuetan eraman dituzte euren aldarriak protestan parte hartu duten lagunek. Besteak beste, "Etxegabetzeen aurrean, antolakuntza eta borroka", "Etxebizitzarako sarbide unibertsala", "PCH=Desokupa" edota "Poliziak gure etxeetatik kanpora" mezuak irakurri ahal izan dira PCH-IBren egoitzan.
📷 [AZALPEN BIDEOA] pic.twitter.com/oEGXyB8FVw
— Kontseilu Sozialista Iruñerria (@Kontseilua_Iru) November 13, 2023