ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/01 10:04

Iruñerriko (Nafarroa) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak mobilizazio-deialdi bat egin du abenduaren 13rako, Alde Zaharrean: negozio turistikoaren aurkako manifestazio bat antolatu du, Mercaderes kaleko 18. zenbakiko bizilagunei elkartasuna adierazteko. Izan ere, euren etxea galtzeko arriskuan daude: alokairuan bizi dira Vidaurre Groupen jabetzako etxe batzuetan, baina horiek hustu eta pisu turistiko bihurtu nahi ditu enpresak.

Bizilagunek azaroaren hasieran egin zuten agerraldi bat, sindikatuaren eskutik, turismoaren negozioaren kontra antolatu direla jakinarazteko. Bi exijentzia egin zizkioten Vidaurre Groupi: "Lehena, utz diezaiola gu kaleratzeko jazarpena erabiltzeari, horrek haren irudia zikindu besterik ez du egingo-eta; bigarrena, ez dezala aurrera egin 11 pisu horiek etxebizitza turistiko bihurtzeko operazioarekin".

Bizilagunek eta sindikatuak azpimarratu zuten, gainera, "turismoaren negozioak ondorio kaltegarriak dakarkizkiola langile-klase osoari eta inguruneari, bereziki Alde Zaharra bezalako auzoetan". Hainbat ondorio aipatu zituzten prentsaurrekoan, hala nola "bizilagunak beren bizitokitik kanporatzea"; "modu zuzenean, ostatu turistikoak egiteko lehen bertan bizi ziren maizterrak kaleratzen dituztenean, baina baita zeharka ere, prezioen igoeraren eta aukera-faltaren eraginez, sektore pobretuenek auzotik alde egin behar izaten dutenean edo gazteak ezin direnean beren auzoan emantzipatu".

Abenduaren 13ko manifestazioa arratsaldeko 18:00etan izango da, Errekoleten Plazatik abiatuta.

NO HAY COMENTARIOS