ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/26 20:51

Zazpi urte beranduago, badirudi gero eta hurbilago dagoela Leioako 5en kasuko epaiketa: irailaren 27an izango da, eta ikaragarrizko zigorrak eskatzen jarraitzen dute auzipetutako lagunentzat. Guztira, 41 urte eta erdiko kartzela-zigorrak nahi dituzte haientzat; bakoitzarentzat hamazazpi urtekoak, bi pertsonaren kasuan. Horretaz gain, 45.000 euroko isunak ere jarri nahi dizkiete.

Auzipetuek aurreko urtean egin zuten prentsaurreko bat Leioako (Bizkaia) campusean, euren kontrako prozedurari lotuta mahaira atera ziren zigorren berri emateko. Gaur-gaurkoz berdin jarraitzen du auzibide sinesgaitzak, eta epaiketaren data finkatuta dago, gainera. "Zazpi urte luzeren ostean, astakeria honek aurrera jarraitzen du", esan dute epaituak izango diren gazteek. Haietako bik, Gabi Daraspek eta Ander Mazkiaranek, iaz azaldu zioten GEDAR LANGILE KAZETAri 2016an eta horren ostean gertatutakoa, elkarrizketa honen bidez.

Leioako 5ek gogorarazi dutenez, 2016an Leioako campusean izan zen mobilizazio baten ondorioz atxilotu eta auzipetu zituzten. "Garai hartan, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) partetik ikasle mugimenduak jasaten zuen errepresioarekin amaitzea zen gure helburua; inputazioak, jarraipenak, espediente akademikoak irekitzeko mehatxuak, isunak, militantzia politikoa aurrera eramateko oztopoak... Hala ere, unibertsitatearen erantzuna, berriz ere, errepresioa izan zen", salatu dute.

Eskubide politikoak kolokan eta EHU jopuntuan

"Larritasunez bizi dugu, protesta sozialaren aurrean, estatuen aldetik izaten ari den autoritarismoaren gorakada eta langileon eskubide politikoen murrizketa. Militantzia politikoa gero eta jasanezinago egitea bilatzen dute, krisi testuinguruak protesta eta militantzia gero eta beharrezkoagoak egiten dituen momentuan", gaitzetsi dute gazteek.

Bestalde, berriz seinalatu dute EHU: "EHUren erantzukizuna zuzena da. Unibertsitate publiko batek izan beharko lukeen askatasun politikoen bermea errotik mozten dute. 2016tik hona, egoera ez da hobetu, ikasle mugimenduak salatzen jarraitzen baitu gaur egun ere EHUren autoritarismoa". Leioako 5ek gogoan izan dute, adibidez, iazko ikasle greba batean Gasteizen (Araba) atxilotutako 34 ikaslek jasandako errepresio guztia.

Berriz nabarmendu dute "elkartasuna eta antolakuntza" direla "gure indargunea", eta "babes eta indar guztia" eman diete "gaur egun ere, unibertsitatean, militantzia politikoa aurrera eramateagatik erreprimituak direnei".

NO HAY COMENTARIOS