ACTUALIDAD / Represión
Indarkeria polizialari buruzko legea alda dadila eskatu du Egiari Zor Fundazioak
"Estatuaren indarkeriaren biktima guztien aitortzaren eta erreparazioaren" aldeko zenbait eskaera helarazi dizkio Jaurlaritzari, salatuz hamarkadak daramatzatela "justizia eta aitortza ofizialaren zain".
2026eko uztailaren 1 - 08:08
Indarkeria polizialari buruzko legea alda dadila eskatu du Egiari Zor Fundazioak
— ARGAZKIA Egiari Zor

Egiari Zor Fundazioko hainbat kide aurreko asteazkenean bildu ziren Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin, "Estatuaren indarkeriaren biktima guztien aitortza eta erreparazioaren" aldeko hainbat eskaera egiteko eta indarkeria polizialaren biktimei buruzko legedia alda dezatela exijitzeko. Salatu zuten biktimek hamarkadak daramatzatela "justizia eta aitortza ofizialaren zain", eta beharrezkotzat jo zuten bat bera ere ez gelditzea "baztertuta". Izan ere, fundazioak seinalatu du, gaur egun, milaka pertsona geratzen direla EAEko legediak eta prozesu instituzionalek markatutako mugetatik kanpo.

Estatu-biolentziaren biktimak aitortzeko bide-orri instituzionalaren barruan, Eusko Jaurlaritzak epe bat ireki zuen 2019an, biktima posibleen erregistro bat egiteko. Egiari Zorrek jakinarazi du, ordea, biktimek euren eskaerak aurkezteko epea murritzegia izan zela, eta askok ez zutela informazioa garaiz jaso. Gainera, 1979tik 1999ra bitarteko indarkeria-gertakariak besterik ez zituen kontuan hartu gobernuak; epe "arbitrario" bat, fundazioaren esanetan: "Lehenagoko kasuak eta, batez ere, 1999tik aurrera gertatutakoak kanpoan uzten ditu, eta horrek hainbat mila pertsonari eragiten die". Horiek horrela, erregistro ofiziala osatzeko beste epe bat ireki dezatela eskatu diote gobernuari Egiari Zorretik, eta 1960tik gaur egunera arteko bortizkeria-kasuak aintzat har daitezela ere exijitu dute.

Erregistroan sartzeko eskaerak jasotzeko epea 2019tik 2021era bitartean egon zen zabalik, eta 711 pertsonak aurkeztu zuten eskaera. Horietatik 400 baino ez zituzten biktima gisa aitortu. Egiari Zorrek ohartarazi du, dena den, torturaren 4.000 biktimaren berri izan duela dagoeneko, eta kasuak jasotzen jarraitzen duela: azken urteetan, 500 kasu gehiago jaso ditu, eta Jaurlaritzari helarazi dizkio den-denak. Oraindik ez dago horien aitortza ofizialik.