Gaur, hilak 14, Ikasle Abertzaleakek greba deialdia egin du hilabetearen amaierarako. Hain zuzen, maiatzaren 25etik aurrera greba egitera deitu ditu EAEko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikasleak, Ez gara zuen esperimentu izango! lelopean. Maiatzaren 25etik aurrera, era mugagabean izango da indarrean greba deialdia, horixe baita Eusko Jaurlaritzak heziguneetara itzultzeko ezarri duen data berria.
Grebaren bitartez, apirilean aurkeztutako Salbuespen Egoerarako Programa Politikoa berretsi dute IAko kideek, eta "salbuespen egoeraren ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu" aldarrikatu dute berriro. Bide horretan, neurriok exijitu dizkiote aginte politikoari: klase presentzialen itzulerarako plana bertan behera uztea, horren ordez ikasturte akademikoa amaitutzat ematea, hirugarren ebaluazioko irakasgaien gainditze automatikoa ezartzea, eta oporraldien ohiko iraupena errespetatzea.
Ikasle antolakundeak behin baino gehiagotan azpimarratu duenez, "ez dago klase telematikoetako edukia ebaluatzeko bermerik, eta klaseetara itzultzea langile klasearen aurkakoa da". Alabaina, selektibitatea prestatzeko urteroko borondatezko klaseak nahiz Lanbide Heziketako azterketak dituzten ikasleek laguntzarako eskola presentzialak izatea begi onez ikusiko luke IAk, "beti ere, segurtasun neurri aproposak aplikatzen badira eta ez badira derrigorrezkoak".
ITZULERA-PLANA
IAren esanetan, "normalitate berriaren froga-esperimentuari" erantzuten dio ikasgeletara itzultzeko planak. Datorren ikasturtean aplikatuko den planari dagokionean, bi ondorio nagusi azpimarratu ditu:
LANGILE KONTROLA
Problematika horiei aurre egiteko, "hezkuntzaren gaineko langile kontrolaren beharrezkotasuna" nabarmendu dute IAko kideek, kalitatezko hezkuntza unibertsalaren helburuari erantzuteko, "ikasle langileen defentsarako berme bakartzat" jo baitute.
Hala,
Ikasle Sindikatuaren greba deialdiarekin ez dutela bat egiten argitu
dute, bide horretan sakontzeko baino, "ikasleen borroka estatu
burges espainiarrean integratzeko funtzioa duen antolakundea dela" salatu baitute.
GREBA
"Langile klasearen aurkakotzat" jotzen duten normalitate berriari nahiz horren "esperimentu-frogari" aurre egiteko, beraz, maiatzaren 25etik aurrera greba egitera dei egin du IAk: "Ez dugu onartuko langile zein ikasleak laborategiko arratoiak izango balira bezala tratatzea".
Hezkuntza komunitateko kide orok "baldintza onargarriak" izan arte luzatuko dute greba deialdia. Baldintzak aldatu ezean, hurrengo ikasturtera begira, deialdia hezkuntzako gainontzeko esparruetara zabaltzeko aukera mahai gainean dagoela jakinarazi dute.
GREBAREN EGUNERAKETA
Programa Orokorrean aurreikusitakoari jarraiki, zenbait insitututan online klaseen derrigorrezkotasuna kentzea lortu duela jakinarazi zuen IAk duela hiru egun. Klase presentzialen itzulera gauzatu ez den heziguneetan ere online klaseak eta orain arteko ikasketa plana “bertan behera uztea” exijitzen jarraituko dute. Ondorioz, greba eskaera eta deialdia egin dute “klase presentzialen aitzakipean” hirugarren ebaluaketako edukia ematen jarraitzen den institutuetan. Mezu argia helarazi diete ikasle antolakundeko kideek hezkuntza sistemaren gainean erabakimena dutenei: “esperimentu-probari" eusten badiote eta "ikasle langileen baldintzak okertzen" jarraitzen badute, ikasturte honen amaieran eta datorren kurtso hasieran “aurrean izango dituzte”.