Gaurko, hilak 6, herri eskolen dinamika jarri dute martxan Ikasle Abertzaleek, beste urte batez. Hala, Espainiako Estatuak ezarritako Konstituzio Egunaren aurrean, "intsumisioa" eta "hausnarketa prozesuak" gauzatzea izan dute jopuntuan ikasleek. Hainbat hitzaldi, tailer zein aisialdi jarduera prestatu dituzte gaurko, formakuntza eta antolakuntza beharrei erantzuteko asmoz. Tokian tokiko lanketa zehatzez gain, ardatz amankomunak ere izan dituzte jardunaldietan; hala nola, "militantzia eredua", "hezkuntzaren funtzioak sistema kapitalistan", "infantilizazioa", "jai eredua", edota "ikasle autodefentsa sareen beharra".
Urriaren 12ko herri eskoletan
ere
autodefentsaren auzia jarri zuten mahai gainean Ikasle Abertzaleek; joan den ikasturteko borroka esperientzia ugarien
inguruan hausnartu ostean, autodefentsa sareak gorpuztearen beharra jarri dute erdigunean berriro. Herri eskolen bidez, beraz, "jaiegun arrotzei" erantzutea ez ezik, "dominazio kapitalistari aurre egiteko tresnak" indartzea izan dute helburu.
Urriaren 12a
Hispanitatearen Eguna izan zen, jaiegun arrotz baten aurrean, ikasle mugimenduak herri eskolak antolatu zituen azkeneko aldia. Hala, Hego Euskal Herriko gutxienez hamabost eskualdetako ikasleak
elkartu ziren urriaren 12an, hainbat edukiren inguruan eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Bertan abiatutako bi lanketak jarraipena izan dute gaurko herri eskoletan; hain zuzen, autodefentsa sareei eta hezkuntza kapitalistari lotutako hausnarketek.
Azaroaren 25a
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunean eta hurrengo egunetan ere, hausnarketa jardunaldiak eta mobilizazioak egin
zituzten IAk eta hainbat eragile lokalek; tartean, unibertsitateetako emakume
taldeek. Indarkeria matxistaren aurrean, klase batasuna izan zen aldarri nagusia, eta "biolentzia matxistaren kausak"
zein "horiek borrokatzeko mekanismoen beharra" izan
ziren eztabaidagai nagusiak. Hausnarketa saioetan, emakume langileen "eguneroko bizi
baldintzak hobetzea" markatu zuten helburu modura, besteak beste.