ACTUALIDAD / Euskal herriko ikasle antolakunde sozialista
IASek beharrezkotzat jo du "euskararen aurkako eraso politiko eta judizialei aurre egitea"
Euskalgintzaren Kontseiluak biharko antolatutako mobilizazioekin bat egin du IASek, "hizkuntza-eskubideen defentsa egitea eta euskararen aldeko borroka kalera eramatea" ezinbestekotzat hartuz eta euskarako azterketen auzian "klase osagaiak" duen garrantzia azpimarratuz.
2026eko uztailaren 1 - 15:54
IASek beharrezkotzat jo du "euskararen aurkako eraso politiko eta judizialei aurre egitea"

Bilboko epaitegi batek ebatzi du hainbat ikaslek euskaran ateratako nota kaskarra ez dela kontuan hartu behar EHUn matrikulatu nahi badute, eta ebazpen horren aurka mobilizatzera deitu du Euskalgintzaren Kontseiluak, hainbat antolakunderen babesarekin. Besteak beste, Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) egin du bat protesta-deialdiarekin, "egun hauetan gauzatu diren euskararen eta milaka ikasleren eskubideen aurkako eraso judizial eta politikoak" gaitzetsiz. Uste du azken asteetan gertatutakoak erakusten duela "euskara bigarren mailako hizkuntza dela eta zenbaiten hizkuntza-pribilegioak euskaraz ikasten dugunon eskubideen gainetik daudela".

IASek salatu du auzi honetan hainbat eragilek jardun dutela eskutik, Jaurlaritzaren "oztoporik gabe": "batetik, euskararen ofizialtasuna errealki inoiz onartu ez duten eta dirudun familiei bideratuta dauden itunpeko ikastetxeak"; "bestetik, Vox, PP, PSE eta CCCOO bezalako alderdi politiko zein sindikatu espainolistak" eta komunikabideak; eta, "azkenik, horiekin guztiekin harremanak dituzten epaile eta auzitegiak". Ikasle-antolakundearen esanetan, "mezu argi bat zabaldu" nahi izan dute guztiek, alegia, "euskara jakitea ez dela beharrezkoa unibertsitatean sartzeko". Iritzi dio, gainera, "klase osagaiak" garrantzia nabarmena izan duela kasu honetan ere: "Familia dirudunek alderdi politiko, sindikatu, komunikabide eta epaitegiak dituzte eskura beraien pribilegioak mantentzeko. Aldiz, langile-klaseko ikasleok guztiz bestelako egoera batean gaude, pairatzen ditugun oztopoei eta eskubide urraketei aurre egiteko baliabiderik gabe".

Horren guztiaren aurrean, IASek aldarrikatu du "beharrezkoa" dela "hizkuntza-eskubideen defentsa egitea eta euskararen aldeko borroka kalera eramatea", baita "klase-kontzientzia eta kontzientzia linguistikoa batuko dituen borroka indartzea" ere. Euskaraz ikasteko eskubidea erreibindikatu du, "ikasleon beharrak eta hezkuntza euskalduna erdigunean jarriko dituen hezkuntza-sistema sozialista baten alde" jardutera deituz; eta, gainera, funtsezkotzat jo du "euskararen aurkako eraso politiko eta judizialei aurre egitea". Hala sakondu du: "Beste behin ere, espainiar estatuko egitura judiziala Euskal Herriko langile-klasearen aurkakoa dela ikusi dugu, eta horren aurrean euskal langileriaren eskubideak, linguistikoak barne, bermatuko dituen euskal estatu sozialistaren aldeko borroka indartu behar dugu".