Ikasle Abertzaleakek mobilizazioak iragarri ditu azaroaren 3rako, asteartea. Burgesiaren hezkuntza-kudeaketari, ikasle langileok planto! izenpean hasi dute dinamika berria, salatuz aginte politikoek azken egunotan hartutako erabakiak "ez direla hartu osasun irizpide zorrotzen baitan": "Neurrien helburua ez da hertsiki gure osasuna bermatzea". Horren ordez, "norbanakoen eskubideen eta askatasun politikoen aurkako neurriak" izan direlakoan dago IA, "ez dira inondik inora pandemiarekin eta birusarekin amaitzeko neurri eraginkorrenak".
Koiunturaren gaineko kritika-lerro bi zabaldu dituzte IAko kideek. Lehenik, neurri horiek irekitzen duten "testuinguru berria" seinalatu dute, haien esanetan, "gizartearen gehiengoaren pobretzean" oinarritzen dena. Bigarrenik, "heziguneetan gertatzen ari diren kutsatzeen gaineko kontrol eza" salatu dute, instituzioek errealitate hori ezkutatzeko darabiltzaten ahaleginak ahalegin. Irailaren 15eko greba deialdian esandakoa gogora ekarriz, "osasun bermeak egon ezean ezin dela hezkuntza presentzialarekin jarraitu" azpimarratu dute.
Gauzak horrela, dei egin diote langile klaseko ikasleriari datorren asteartean Euskal Herriko hainbat hezigunetan egingo dituzten kontzentrazioetara batzera. Askatasunen aldeko borrokan, antolakuntza komunistak "ezinbesteko garrantzia" hartuko duela nabarmendu du IAk.
HEZKUNTZAREN IZAERA KAPITALISTA
IAk behin eta berriz azaldu duenez, "hezkuntza instituzioak garrantzia handia dauka kapitalismoan". Pandemian zehar ikastetxeak irekita mantentzeko hautuan "erabakigarria" izan da horrek betetzen duten "kontziliazioaren funtzio soziala". Izan ere, mundu mailako osasun krisiaren aurrean, heziguneak "berme sanitario urriekin" zabalik mantentzen direla gogorarazi dute IAko militanteek. Horren funtsezko arrazoia agerian utzi dute: "Etekin ekonomikoa helburu bakar duen sisteman sostengaezina da heziguneak ixtea, gurasoek ezin baitituzte beraien seme-alabak zaintza gabe utzi lanera doazenean".
ESKUBIDEEN EZEZTAPEN SISTEMATIKOA
Horretaz gain, "berezkoak eta absolutuak diren eskubideen ezeztapen sistematikoa" ere salatu du IAk. Irizpide zientifiko eta sanitarioen ordez, "langileriarenganako dominazioa eta kontrola" ezarri direla nabarmendu du, hala. Debekatu dena "lan politiko eta militantea" izan dela diote, mobilizazio eskubidea eta biltzeko eskubidea adibide. Hain zuzen, ikasturte honen hasieran IAk abiatutako dinamikaren hiru exijentzietako bat "lan politikoa egiteko eskubidea bermatzea" zen.
Hori
gutxi balitz, IAko kideek "larritzat" jo dute heziguneetan COVID-19aren hedapen eta kutsatze maila ezkutatzea, batik bat "egia eta
informazio osoa" egon behar liratekeen unean. Dena den, IAren
ustetan, "ez dira datu zehatzak behar gertatzen ari denaren berri
izateko", hezkuntza sistemaren partaideak heziguneetako egoera
errealaren jakitun baitira. Bertan "etengabeko kutsatze eta
konfinamenduak" nagusitzen ari direla salatu dute.
DEIALDIAK
Hona hemen Ikasle Abertzaleakek datorren astearterako, azaroak 3, antolatu dituen elkarretaratzeak, Burgesiaren hezkuntza-kudeaketari ikasleok planto! aldarripean.
Gipuzkoa:
Bizkaia:
Araba:
Nafarroa:
Campusak: